Gerra hemen hasten dela erakusten duten mapak

Mundua etengabe aldatzen ari da, eta une honetan aldaketa militarizazioak markatzen du. Gero eta herrialde gehiagok handitzen dituzte armak ekoizteko eta erosteko aurrekontuak, eta, horren ondorioz, tentsioa, gatazkak eta gerrak ugaritzen ari dira. Bake globala mehatxatzen duen testuinguru horren aurrean, SETEMek lankidetza eta elkartasuna aldarrikatzen ditu erantzun gisa.
Aldi berean, gerrako eta berrarmatzeko arduradun politiko eta ekonomikoak salatzen ditugu. Oraingo honetan, “gerra hemen hasten” dela adierazten duten bi mapa argitaratu ditugu. Baliabide horiek EAEko eta Espainiako armagintza kokatzen dute, eta azken urteotan gutxienez milioi bat euro defentsa-produktuetan fakturatu duten enpresak erakusten dituzte.
Gainera, mapetan arma-merkataritzarako estrategikoak diren portu eta aireportuei buruzko aipamenak daude. Saudi Arabiara eta Israelera, Yemengo gerran edo Gazako genozidioan parte hartzen duten herrialdeetara, armamentu-bidalketen berri izan duten azpiegitura batzuk azpimarratzen dira.


Erantsitako material gisa, enpresa horiek 2020tik 2024ra bitartean finantzatzen dituzten banketxeen zerrenda ere argitara eman dugu. Izan ere, munduan dauden lau armatik hiru ezingo lirateke ekoiztu BBVA, Santander, Caixabank edo Sabadell bezalako erakundeen finantza-laguntzagatik ez balitz, Banka Armatuaren Kanpainak salatzen duen bezala.

Mapa horiek ziklo militarraren zati bat erakusten dute, ekoizpenetik, finantzaketatik eta merkataritzatik abiatuta. SETEM Hego Haizeak prestatu ditu, Centre Delàs d’Estudis per la Pau zentroak hainbat txostenetan argitaratutako informazioan oinarrituta. Material hori da datozen hilabeteetan argitaratzen joango garen lehena, banka desarmatzeko plan baten zati gisa.
Ohiko banku-erakundeen eta gerren arteko loturak salatzen dituen plana da, eta finantza etikoak proposatzen ditu, pertsonen, herrien eta naturaren arteko harremanetan lankidetza eta giza eskubideak nagusi izango diren mundua eraikitzeko alternatiba gisa. Materiala “Gerra zure kutxazainean hasten da. Banka Armatua vs Finantza Etikoak ” proiektuaren parte da, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren finantziazioa duena.
Gerra eta berrarmatzea ez dira saihestezinak
Gerra eta berrarmatzea ez dira saihestezinak. Erabaki politiko eta ekonomikoen emaitza dira, bankuek funtsezko zeregina betetzen dute eta armamentu-karreraren arduradun bihurtzen dituzte. Azken urteotan, finantza-erakunde handiek mozkin errekorrak erdietsi dituzte urtez urte, besteak beste, gerraren negozioarekin dituzten loturei esker, armak ekoizten dituzten enpresen bidez, baita enpresa nuklearren eta mugen militarizazioaren bidez ere.
Gaur egun bizi dugun egoerak XX. mendeko unerik ilunenak gogorarazten dizkigu, defentsarako inbertsioaren hazkunde esponentzialak eta armen ugaritzeak ondorio katastrofikoko gerrak ekarri zituztenean. Horregatik, geure buruari galdetzen diogu noiz arte lehenetsiko duten enpresek eta bankuek etekin ekonomikoa, giza sufrimenduaren eta ezegonkortasun globalaren kontura. Eta, batez ere, pertsona guztiak animatzen ditugu banka etikoaren erakundeetarako urratsa ematera.

