Blokeoaren aurrean, argia eta indarra Kubarentzat

Euskal kulturaren munduko 120 lagunek baino gehiagok eguzki plakak Kubara bidaltzeko kanpaina bat bultzatu dute.

PUBLICADO EL:

16 Mar. 2026

POR:

Euskadi-Cuba

EN CATEGORÍA::

KANPAINARAKO DOHAINTZAK:

Euskadi-Cuba – ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa) edo Bizum (04713 kodea)


Diru bilketa abiatu dute Kubako erietxeak eguzki panelez hornitzeko

Euskadi Kuba elkarteak eta kulturako 120 lagunek baino gehiagok babestu dute proiektua. Helburua Kubaren burujabetza energetikoaren aldeko urratsak egitea da.

June Montero Viguera | Berria

«Argia eta indarra Kubarentzat». Hori lortzeko elkartu dira Euskadi Kuba elkartea eta kulturako 120 sortzaile eta eragile baino gehiago. Euskal Herria Kuba herri ekinaldia jarri dute martxan, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dute. Gaur hasi eta hilabeteko epea izango du. Tarte horretan bildutako dirua eguzki panelak erosteko eta Kubako erietxeetara bidaltzeko baliatuko dute.

1962. urtetik erabateko blokeoa bizi du Kubak Ameriketako Estatu Batuen aldetik, ekonomia, finantza eta merkataritza arloetan. Harrezkero, kubatarren bizitza eta herrialdearen garapena guztiz baldintzatuta daude, Euskadi Kuba elkarteko kide Mila Aceak salatu duenez. Blokeoa «denboran luzatu den zigor kolektibo bat» dela deritzo, eta ez neurri sinboliko huts bat. AEBei leporatu die uhartea «itotzea» helburu duen politika bat diseinatzea eta ezartzea.

«Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan ditzaten»

MILA ACEA – Euskadi Kuba elkarteko kidea

Gaur egun kubatarrek ez dute baliabide energetiko nahikorik egunerokoari eusteko. Acearen arabera, elektrizitatea luzaz etetea eragiten du horrek, eta, gainera, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua ere mugatzen du, besteak beste ospitaleena. Blokeoaren helburua uhartearen ekonomia «itotzea» eta «eskasia eta ezegonkortasuna» sortzea dela ohartarazi du. Herrialdea «higatzea», alegia.

Kubako herriari eskua luzatu nahi dio Euskal Herria Kuba egitasmoak, eta horretarako abiatu dute eguzki panelak erosteko diru bilketa. Acearen hitzetan, uharteak dituen «berehalako premiei» erantzuteko modua da hori: «Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan ditzaten».

 

«Utzi Kubari bizitzen!»

Bilboko Bira kulturgunean egin dute ekimenaren aurkezpena. Diru bilketaren nondik norakoak azaltzeaz gain, kultur arloko hainbat eragile eta sortzailek sinatu duten elkartasun manifestua irakurri du Dana Moyak, Euskal Herria Kuba proiektuko kide eta musikariak. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Jon Maia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta Burutik eta Merina Gris musika taldeak.

Utzi Kubari bizitzen! leloaren pean mintzatu da Moya, sinatzaile guztien izenean. Argi utzi du ez dutela besoak gurutzatuta geratzeko asmorik: «Kultura ez da isilik geratuko gizarte oso bat behar materialen bidez makurrarazi nahi duten politiken aurrean».

«Kultura ez da isilik geratuko gizarte oso bat behar materialen bidez makurrarazi nahi duten politiken aurrean»

DANA MOYA – Euskal Herria Kuba egitasmoko kidea eta musikaria

Gogor egin du Donald Trump AEBetako presidentearen kontra. Bere lehen agintaldian Kubaren kontrako 243 neurri ezarri zituela gogora ekarri du Moyak. Neurri horiek «gogortu» egin zuten 1962an hasi zen blokeoa. Legealdi honetan, berriz, agindu exekutibo bat onartu du, Kubarekin salerosketan aritzen diren edo irla energiaz hornitzen duten herrialdeak zigortzeko. Kubak urte luzez pairatu duen «setioa» areagotu du agindu horrek.

Egoera horri aurre egiteko kulturak duen indarra nabarmendu du Moyak: «Kulturak zubiak eraikitzen ditu, eta nazioen arteko senidetasuna sendotzen du». Hori dela eta, manifestuarekin bat egiteko deia egin die kontinente guztietako artista, idazle, zinema zuzendari, musikari, akademiko, editore, aktore, zientzialari, kultur kudeatzaile eta kultura arlo guztietako langile denei.

 


ARGIA ETA INDARRA KUBARENTZAT

¡Contra el bloqueo, energia para Cuba!

 

1962az geroztik, erabateko blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzieroa bizi du Kubak. Egoera horrek modu egiturazkoan baldintzatzen du bere garapena eta eguneroko bizitza. Blokeoa ez da neurri sinboliko huts bat; denboran luzatu den zigor kolektibo bat da, Kubako herriari oinarrizko ondasunak eskuratzea ezinezko egiten diona.

Blokeoaren helburu inplizitua uhartea ekonomikoki itotzea da, eskasia eta prekarietatea eraginez. Presio ekonomiko iraunkorraren bidez herrialdea higatzea bilatzen duen politika da. Politika hau hamarkada luzez AEBk diseinatu eta indarrean ezarri du eta, orain, Donald Trumpen administrazioak are larriagotu du politika hau.

Gaur gaurkoz, baliabide energetikoetarako sarbidea larriki murriztua dauka herrialdeak; egoera horrek, argindar-etenaldi luzeak eragiten ditu, eta oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua mugatzen du, tarteak ospitaleena. Praktikan, uhartea bere bizi ekonomiko eta soziala sostengatzeko behar duen gaitasun energetikorik gabe utzi nahi da.

Egoera honen aurrean, gure asmoa Kubako herriari ahal den neurrian laguntzea da, nazioarteko elkartasunetik, uharteak dituen premia zehatz eta berehalakoei erantzunez. Kuba eta Euskal Herriaren arteko harreman historikoa ehuntzen jarraituko dugu.

Horregatik, Kubara eguzki plakak bidaltzeko diru bilketa kanpaina aurkezten dugu gaur kultura munduko 120 lagunetik goraren babesarekin.

Euskadi Kuba Elkartearekin eta kultura munduko hainbat lagunen eskutik sortu dugun Euskal Herria – Kuba ekimenetik Kubako herriarekiko elkartasun kanpaina aurkeztu dugu gaur Bilbon. Gure helburua Kubara eguzki plakak bidaltzeko diru bilketa kanpaina abiatzea da.

Kanpaina gaur abiatu dugu eta hilabetez egongo da martxan. Bildutako dirua eguzki energiaren bidez elektrifikatzeko gailuak erostera bideratuko dugu, uharteak bizi duen energia krisiari aurre egiten laguntzeko. Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan dezaten.

Ekimenarekin batera, kulturaren eta sorkuntzaren arloko hainbat lagunekin batera Utzi Kubari bizitzen izeneko elkartasun manifestua plazaratu dugu. Manifestuan salatu dugu azken hamarkadetan Kubaren aurka ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioak herrialdearen garapena eta herritarren eguneroko bizitza larriki baldintzatu dituela.

Gure ustez, neurri horiek are gogortu dira azken urteotan, bereziki energia-hornidura oztopatzen duten neurriak indartu direlako. Horrek ondorio zuzenak ditu Kubako eguneroko bizitzan: argindar-etenaldi luzeak, oinarrizko zerbitzuen funtzionamenduaren murrizketa eta ospitaleetako zerbitzuak arriskuan jartzea, besteak beste.

Kanpainaren bultzatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Aitziber Garmendia, Itziar Ituño, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Jon Maia, Ines Osinaga eta Anari Alberdi, beste askoren artean. Guztira 120tik gora euskal idazle, aktore, musikari eta kultura munduko lagunek babestu dute ekimena.

Euskal Herria – Kuba ekimena herritar izaerako ekimen zabala da, diru bilketari dimentsio sozial eta kolektibo handiagoa emateko sortua. Gure helburua da, nazioarteko elkartasunetik, Kubako herriak gaur egun bizi duen egoera energetikoari erantzun praktiko bat ematea.

Inoiz baino gehiago Kubak eta kubatarrek gure laguntza behar dute. Orain da momentua Euskal Herritik elkartasun olatua aktibatu eta ahalik eta eguzki plaka gehien bidaltzeko Kubaren burujabetza energetikora bidean. Ez dizuegu hutsik egingo.