Justizia-sutxoak piztuz

PUBLICADO EL:

18 Aza. 2025

POR:

Calala Fondo de Mujeres

EN CATEGORÍA::

2025eko urriaren 2an, “Justizia-sutxoak piztuz” hitzaldi parte-hartzailea egin zen La Sinsorgan, Bilbon. Jarduera Calala Fondo de Mujeres, Mujeres con Voz eta Warmipura fundazioek antolatu zuten. Jarduera hau honako proiektu honen barnean egon da: “Horizonte berri baten bila: Euskadi eraldaketaren alde, emakume migratu eta arrazializatuen ahotsak biltzen dituzten feminismo dekolonial eta ekologistetatik abiatuta”. Proiektuak Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren babesa izan du.

Elkarrizketaren helburua demokraziaren hainbat alderditan sakontzea izan zen, ikuspegi kritiko batetik. Hegoalde globaleko emakumeen giza eskubideen defentsan izandako esperientziak demokraziaren ideia zalantzan jartzea eta demokrazia horizontalagoa eraikitzea ahalbidetuko duten elementuak ekarriko ditu ikuspegi honek.

Espazioa herritarrei irekitako hitzaldi parte-hartzaile bat izan zen. Mariana Zaragozak, Bilboko emakume mexikar migratzatuak, bideratu zuen, kanpoko begirada eskainiz eztabaida aberasteko, hausnarketak bultzatzeko eta ondorioak ateratzeko, herritarrek errealitatea eraldatzeko ekintzak identifikatu ahal izateko. Ikuspegi dekolonialean, arrazakerian, klasismoan, feminismoan eta antzeko beste gai batzuetan adituek hartu zuten parte, eta ezagutzak eta bizipenak partekatu zituzten, parte hartu zuten herritarrei informazio praktikoa, hausnarketak eta ekintza-proposamenak eskaintzeko.

Erabateko parte-hartzea bilatzen zen, pertsonak gorputza, ideiak eta emozioak ditugun izaki integralak garela ulertuta. Lehen ekintza gisa, Warmipura Taldeko dinamizatzaile Cony Carranzak hausnarketa-dinamika bat proposatu zuen, Eduardo Galeano uruguaitarraren “El libro de los abrazos” liburuko pasarte batean oinarritua. Aurrean aldare txiki bat zuela, espazioaren aukera eskertu eta kandela bat piztu zuen, espazioan partekatuko zen sutxoa irudikatzeko.

 

Parte-hartzaileak:

Luciana Peker, kazetari eta idazle argentinarra, generoan aditua.

Aichetu Yesslem, politologoa eta ekintzaile sahararra.

Ivania Cruz, abokatua eta Giza Eskubideen defendatzailea, El Salvadorrekoa.

Warmipura taldea, Euskadira migratutako ekintzaileak.

Elkarrekin solasteko espazio honen helburua izan zen modu kolektiboan hausnartzea demokraziaren hainbat alderdiri buruz, ikuspegi kritiko batetik. Parte hartu zuten hizlariek giza eskubideen defentsan eta antolaketa-prozesuetan izandako esperientziari esker, funtsezko elementu batzuk aurkitu ahal izan genituen Espainiako lurraldean bizi diren Hegoalde Globaleko emakume batzuen ikuspegitik demokrazia zer den eta nola eraikitzen den jakiteko.

Parte-hartzaileen profilak askotarikoak izan ziren, haien bizi-esperientziak bezalakoak. Erbestea, migrazioa, kolonialismoa, arrazakeria, patriarkatua eta erresistentzia feminista izan dira puntu komunak hizlarien zein parte-hartzaile gehienen artean. Hitzartzeen ondoren, Warmipura Taldeko kideek argi utzi zuten ezin dela demokraziarik egon milaka emakumek atzerritartasun-erregimena gorputzetan eta bizitzetan sufritzen duten bitartean. Etxeko langileak kontuan izango dituen demokrazia eraikitzeko moduari buruzko zalantza asko daude: nola izan daitezke herrialdeko bizitza publiko eta politikoaren parte? Ez zen erantzun argi eta sendorik eman, baina elkarrizketan argi geratu zen gure ardatz komuna ez dela emakume batzuen eta besteen artean desberdintasun argiak mantentzen dituen demokrazia liberal bat.

Ikuspegi kritiko batetik, argi geratu zen oso urrun gaudela demokrazia esaten diogun horren definizio komuna izatetik. Demokrazia jokoan dago. Batzuentzat zibilizazio unibertsalaren ideiaren bidez kolonizatzen jarraitzeko sarrera-atea delako. Demokrazia liberalaren ideia mendebaldekoa, patriarkala eta arrazista da.

Baina demokrazia da, halaber, erresistitu duten eta nazio proiektu propioa eraikitzeko borrokan aritu diren herrien etorkizuna. Horrek dituen kontraesan guztiekin.

Demokrazian erresistentzia dago, demokrazia ulertzeko beste modu bat dago eta modu horren alde borrokatu da historikoki eta urte askotan zehar oinarrizko mugimendu sozial askok dena eman dute.

Gobernu liberalei axola zaie demokraziaren esanahia eztabaidatzea. Horregatik, historikoki indarrez gailendu nahi izan dute, eta edozein herri-antolaketa kolektibo mota zapaldu. Baina hor daude herriak, emakumeak eta kolektiboak: erbestetik erresistitzen, lurraldean erresistitzen, nazioarteko elkartasunetik erresistitzen.

Azkenik, demokrazia eraikitzeko moduari buruz hausnartzerakoan ondorioztatu dugu ez dakigula demokrazia hitza erabili nahi dugun, baina garrantzitsua dela jakitea gure antolaketa-sistemetan kolonialismoak hor jarraitzen duela, eta gobernuak ari direla hori betikotzen.

Estatutik kanpo demokrazia bat eraikitzeko elementu komunak ditugu: behetik ezkerrera, herrigintzatik, antolakuntzatik, alaitasunetik, gozamenetik, lurretik, gure arbasoen lurretatik eta eraiki zutenaren aitortzatik. Komunitatea egitetik. Modu kolektiboan hobeto bizitzeko proiektua da.

Onartzen dugu demokrazia hitzak balio duela nola antolatu nahi dugun pentsatzeko. Espazio honek aukera eman digu zer demokrazia mota nahi dugun pentsatzeko. Azkenik, beren gobernu-sistema propioak Estatutik kanpo eraiki zituzten proiektuen adibideak aipatu ziren, hala nola Abya Yalako hainbat lurraldetako komunitate indigenak. Mexikoko komunitate zapatistak 30 urte baino gehiago daramatzate antolatzen eta demokrazia eraikitzen behetik eta ezkerretik. Estatu nazional mexikarraren demokrazia zalantzan jarriz, kolonialismoa erreproduzitzen duen demokrazia delako, historikoki jatorrizko herriak baztertu dituena, ez bakarrik Mexikon, Abya Yala osoan eta munduan.