Emakume kongoarrak eraldaketarako eragile

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunean, Manimani Iragik, Bukavuko (Kongoko ED) Medikuntza ikasleak, zera esan zion SPR elkarteari: “praktikan, giza eskubideak ez dira errespetatzen: bizitza pribaturako eskubidea (neska gazteen argazkiak partekatzen dira sare sozialetan, haien baimenik gabe), hezkuntzarako eskubidea (herritarren % 55ek ez du hezkuntza jasotzeko aukerarik izan, batez ere landa eremuan), bidezko lanerako eskubidea (gaizki ordaindutako lanak), adierazpen askatasunerako eskubidea (emakume batzuei ez zaie uzten batzarretan hitz egiten)… lan asko dago egiteko”. “Eskubideak ez ezagutzeak eta eskubideei jaramonik ez egiteak eskubide horiek ez errespetatzea dakar ezinbestean; hezkuntza eta sentsibilizazioa behar dira”, aldarrikatu zuen.
Abenduaren 10ean amaitu zen, halaber, hainbat erakunde feministak urtero egiten duten 16 eguneko aktibismo kanpaina; azaroaren 25ean hasi zen, Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean. SPRk bezala, FAMEK elkarteak (Asociación de Cooperación al Desarrollo de Mujeres Kongovascas) ere 16 eguneko aktibismoa egin zuen isildutako indarkeriak ikusarazteko, “Isiltasuna hausten duten argiak” lelopean eta “Indarkeria barik bizitzea benetako eskubidea izan behar da, ez pribilegioa” esloganarekin.
Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako medicusmundi Bizkaiaren “Ni brujas ni meras víctimas: promoción y protección del liderazgo de las mujeres de la Llanura de Ruzizi (RDC) en la lucha contra las Violencias Basadas en Género” proiektuaren baitan, FAMEKek eta SPRk elkarlanean “Ruzizi eta Bizkaiko emakume kongoarren erresilientzia eta lidergotza. Iruditeria kolektibo birbiktimizatzailea deseginez eta genero indarkeriaren kontrako borrokaren estrategiak ezagutaraziz” ikerketa ondu dute.
Azterlana Marie Lucia Monshenekek gidatu du; 14 urte baino gehiago darama Bilbon eta FAMEK elkarteko presidente ere bada. Ama medikua du, eta bera ere medikuntza ikasten hasi zen Kongoko EDn; EHUn entzule gisa ere ibili zen eta egun adineko pertsonen zaintzailea da; gainera, ikasten jarraitzen du, hainbat GKEtan boluntario aritu da eta berdintasun eta migrazio arloan komunitate-eragile gisa egindako lanagatik Bilbotar emakume migratzaileei eskainitako saria eman zion Bilboko Udalak.
Ikerketan, 27 emakume kongoar elkarrizketatu dituzte, Bizkaian bizi diren 15 eta Ruziziko beste 12. “Kongo ekialdea izugarrizko aberastasun naturaleko eta aniztasun kulturaleko eskualdea da”. Horregatik, eta testigantzen irudikapen fidela bermatzeko, swahili, lingala, frantsesa eta gazteleraren arteko interpretazio eta bitartekotza behar izan dira. Elkarrizketez eta inkestez gain, elkarrengandik ikasteko eta elkar aberasteko topaketa birtualak egin zituzten emakumeek.
Mintzagai izan zituzten sexu indarkeria, behartutako desplazamendua, erasotzaileen zigorgabetasuna, gatazka armatuengatiko trauma, familia desegituraketa, osasun sare komunitarioak, hezkuntza informala, salaketa komunitarioa, laguntza psikologikoa, komunitate babeseko sareak, sexu eta ugalketa osasuna, neska eta emakume kalteberenen babesa, lider berriak, eta askoz gehiago. Eta Kongoko emakumeen inguruko imajinario positibo bat sortzea.
Izan eren, nagusi diren narratibek emakume afrikarrak ahotsik gabeko biktima gisa aurkezten dituzte, eskubideetarako, aitortzarako eta baliabideetarako dituzten aukerak zailduz. Irudi murritz hori gainditu eta beren duintasuna, sormena eta indarra erakustea premiazkoa da. Emakumeak lider, bake sortzaile, hezitzaile, ekintzaile eta komunitate ehunaren zaintzaile gisara ere irudikatzea.

“Ruzizin, gatazka armatuaren esparruan bizirik irten diren emakumeek krimen horiek nazioko eta nazioarteko erakundeen aurrean salatzeko antolatzea lortu dute, estigmak ezarritako isiltasuna hautsiz”. “Bizkaian, kongoar emakume migratuek ahalduntze eta salaketa espazioak sortu dituzte”. “Taldeko inkestetan, bizitako indarkeriei eta migrazioari aurre egiteko elementu baliotsuena emakumeen arteko elkartasuna dela errepikatu zuten emakumeek.” Erresilientzia adibideetako batzuk besterik ez dira hauek; emakume kongoarrak ere eraldaketarako eragile direla erakusten dutenak.



