- Abenduaren 11n Bilborocken izan zen Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta eLankidetzak urtero antolatzen dituzten genero jardunaldien X. edizioa.
- Gure erakundeen ikuspegi feministan sakondu zen jardunaldietan, Erresistentzia eta zaintza kolektiboak indarkeria matxisten aurrean. 10 urte elkarrekin sortzen lelopean.
- Maialen Ferreira kazetariak moderatutako solasaldi batean bildu ziren Klaudia Ugarte, Patricia Simon eta Suha Al Najjar.
- Horrez gain, antzerkia (Shabaqa, Olfa Sendesni eta Amaiur Maciasekin), gorroto diskurtsoak desmuntatzeko tailer praktikoa (Juliana Flórez Valois eta Arycia Ruizekin) eta Olatz Arrese aka Estrella Electrónica DJak girotutako bazkaria ere izan ziren.
YouTubeko erreprodukzio zerrenda honetan bideo guztiak topatuko dituzue. Eta beste lotura honetan jardunaldien kronika eta argazki galeria dituzue.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero antolatzen dituzte Generoari buruzko erakunde barneko Jardunaldiak, eta aurten, gainera, hamargarren edizioa izan da, abenduaren 11n, Bilboko Bilborock aretoan. Gure erakundeen barruan ikuspegi feminista txertatzeko prozesuan aurrera egitea izan da topaketaren helburua.
Oraingo honetan, indarkeria matxisten aurkako erresistentzia eta zaintza kolektiboak izan dira gai nagusiak, eraldaketa feministarako tresnak eskuratzen jarraitzeko, mahai-inguru, tailer, antzerki eta musikaren bidez.
Jardunaldia 09:30ean hasi zen, ehun parte-hartzaile ingururen harrera eta ongietorriarekin. Edurne Bengoetxea Sorozabal (eLankidetzako Genero eta Garapeneko teknikaria), Sonia González Martín (Bake eta Elkartasuna erakundeko zuzendaria eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeko lehendakariordea) eta Mila Domínguez Vázquez (Adeco elkarteko proiektuen teknikaria) kideen eskutik egin zen irekiera instituzionala.
Ondoren, Olfa Sendesni eta Amaiur Macias aktoreek Shabaqa antzezlana eskaini zuten («shabaqa» hitzak «sarea» esan nahi du arabieraz). Performance honetan, haria metaforatzat hartuta, hitzaren eta gorputzaren bidez topo egin ahal izateko agertoki bat ehuntzen dute.
Emanaldiaren ondoren, eta kaferako etenaldiaren aurretik, artistekin gogoetak partekatzeko aukera izan zuen publikoak.
Atsedenaldiaren ostean, Indarkerietatik erresistentzietara: ahots feministak elkarrizketan mahai-inguruaren unea iritsi zen, Maialen Ferreira elDiario.es Euskadi hedabideko kazetari eta aktibista feministak bideratuta. Hitzaldiak hiru adituren ahotsak bildu zituen:
- Patricia Simón, kazetaria eta idazlea, generoan eta giza eskubideetan espezializatua.
- Klaudia Ugarte, komunikatzaile feminista, LGTBI+ aktibista, Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako elkarteko kidea, eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiko arduraduna.
- Suha Al Najjar, proiektu-teknikaria nazioarteko erakundeetan, boluntarioa SAMUn eta doktoregaia.
Jardunaldiaren azken txanpan, Juliana Flórez Valois eta Arycia Ruiz bideratzaileek gorrotozko diskurtsoak enpatiatik eta komunikazio feministatik desmuntatzeko tailer praktiko eta parte-hartzaile bat dinamizatu zuten. Jarduera horretan, parte-hartzaileak talde txikietan antolatu ziren diskurtso arrazista, xenofobo, matxista, LGTBI+fobiko, lodifobo… horiek nola funtzionatzen duten aztertzeko, eta kolektiboki aurre egiteko estrategiak planteatu zituzten.
Jardunaldien itxiera bazkari informal batekin iritsi zen, Olatz Arrese aka Estrella Electrónica DJaren musikarekin girotua, souletik boogaloora bitarteko erritmoekin. Dantza eta elkarrizketa artean, parte-hartzaileek argazkiak atera ahal izan zituzten ere, jardunaldien X. urteurrenerako berariaz sortutako photocall dotorearekin.
Hamar urte elkarrekin sortzen
Hamarkada osoan zehar, jardunaldien abiapuntua eta elementu komuna izan da gure erakundeen barruan ikuspegi feminista txertatzeko prozesuan aurrera egitea:
- 2016an, gure etxeetan ere egin behar dugun eraldaketa feminista ez ahaztearen garrantzia baloratu genuen, eta jardunaldietan erakunde-kulturaren eraldaketaren esanahia, dimentsioa eta garrantzia aztertu genituen, aldaketa feministaren eragile gisa.
- 2017an, identifikatuta genituen genero-berdintasunaren aurkako erresistentziak eta horiei aurre egiteko estrategiak zuzenean jorratzeari ekin genion, gatazkak konpontzeko teknikei buruz ikasteaz ahaztu gabe; izan ere, ekitaterako aldaketa orok berekin dakar botere- eta gatazka-kuota handienak dituztenen aldetik erresistentzia.
- 2018an, jazarpen-protokoloei buruzko prestakuntza jaso genuen, eta ikusi genuen askotariko ikuspegietatik landu daitekeela lan-eremuko jazarpena, bai formalenetatik, bai biktimarengan eta haren erreparazioan zentratuagoetatik.
- 2019an, Euskadiko berdintasunaren aldeko prozesuetan egin dugun 10 urteko ibilbidearen balantzea egin genuen; eta 2020an aurrekontuetan jarri genuen lupa feminista.
- 2021ean, lankidetza feminista izan zen gaia. Estatu-mailan Garapenerako Lankidetzarako Kontseiluko GGKEen aldetik gai honetan izandako aurrerapenak bertatik bertara entzuteko aukera izan genuen.
- 2022tik aurrera, emakumeen zaintzan eta parte-hartzean jarri genuen arreta, gure erakundeen eraldaketa feministaren funtsezko elementu gisa. 2022an jardunaldien gaiak eta izenburuak zainketekin izan zuten lotura, 2023an parte-hartze feministarekin, eta 2024an emakumeen ahotsa entzuten ote zen galdetu genion geure buruari. Gainera, 2022. urtetik aurrera, jardunaldien metodologian aldaketak egin genituen, funtzionamendu arauen bidez «geure burua zaintzeko» modu zehatzak bilatuz, denboren kontrola eta parte hartzeko moduen aniztasuna «zaindu» ahal izateko.



