- Gehiengo osoarekin, EAJk eta PSE-EEk hiru lege-aldaketa egin dituzte abenduaren 23an Eusko Legebiltzarrean onartuko diren 2026ko aurrekontuei begira.
- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legeari egindako zuzenketa baten ondorioz, sektore publikoak armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoitzi, merkaturatu eta finantzatu ahal izango du, «Europako Segurtasun Estrategiaren baitan».
- Zehar-Errefuxiatuekin, REAS Euskadi eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak aldaketa horren «larritasuna» salatu dute, baita «isilpean» egin izana ere.
Aurrekontu-eztabaida betean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak lankidetzaren aldeko apustu sendoa eskatu die euskal alderdi eta erakundeei. Eragin politikoko lan horri esker, aurrekontu igoera batzuk lortu dira, besteak beste, Arabako Foru Aldundian (1,2 milioi), Gipuzkoako Foru Aldundian (500.000 euro) eta Gasteizko Udalean (350.000 euro).
Beste erakunde batzuetan, ordea, errealitatea oso bestelakoa izaten ari da, eta euskal lankidetzarako atzerapauso handiak izan dira. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, garapenerako lankidetzara bideratutako ehunekoaren jaitsieraz gain, termino absolutuetan ere murrizketa bat eman da.
Eta ez hori bakarrik. Gainera, elDiario.es Euskadi hedabideak duela egun batzuk jakitera eman zuenez, azaroaren 28an, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoarekin— zuzenketa batzuk egin zizkioten 2026rako Aurrekontuen Legeari. Teorian teknikoak diren zuzenketa horien artean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea aldatzeko azken xedapen bat sartu zen; zehazki, Garapen Jasangarrirako Politiken Koherentziari buruzko 10. artikulua aldatzen zuena.
«Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak, sustapen ekonomikoko bere politiken esparruan, ez du lankidetzarik egingo Europako Segurtasun Estrategiaren baitan kokatzen ez diren armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoizteari, merkaturatzeari edo finantzatzeari lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin». Horixe da Lankidetzarako Euskal Legearen 10.4 artikuluaren idazketa berria. Baldintzatzaile berri hori gehituta, Eusko Jaurlaritzak aukera izango du arma-industriarekin ekonomikoki elkarlanean aritzeko, betiere Europakoa bada.
Zuzenketaren testuan, bi talde parlamentarioek honela justifikatu dute aldaketa: «Onartzen ez bada, 325 milioi euroko industria-inbertsioa arriskuan jarriko da Euskadin». Eta hiru sektore estrategiko aipatzen ditu: zibersegurtasuna, aeroespaziala eta erregai berriztagarriak. «Erabilera bikoitzeko» inbertsiotzat har daitezkeen inbertsioak izango lirateke; hau da, erabilera zibil zein militarra izan dezaketen produktuak ekoizteari begirakoak.
Larria eta «isilpean» egindakoa
Zehar-Errefuxiatuekin, REAS Euskadi eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ustez, egindako aldaketa hori larria da, hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, «gauekotasunez» egin delako. «Ezin da ulertu Aurrekontuen Legearen proiektua aurkeztean aldaketa hori jada sartu ez izana, legea onartzeko gehiengo osoa izanik. Legebiltzar talde guztiek egindako milaka proposamenen artean sartutako zuzenketa baten bidez egin da aldaketa; hain zuzen ere, isilpean eta izapide-une zuhurrago batean», kritikatu dute.
Bestalde, 2024ko otsailean onartutako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea «kontsentsuzko legea» izan zela deritzote, «lankidetzaren sektore osoak parte hartu zuelako, guztiek onartzeko moduko testu bat sortzeko». Orain horrela aldatzea, «azken minutuan, inori jakinarazi gabe, eta sektorearen eta euskal gizartearen bizkar», ez dator bat legearen onarpenak suposatu zuen guztiarekin.
Koordinakundeak, REAS Euskadik eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak prentsaren bidez bakarrik izan dute aldaketa horren berri, elDiario.es hedabideko kazetarien lanari esker, eta uste dute jarduteko modu horrek «arrazoi bat duela, onartu zenetik salatzen ari garenarekin lotuta: Lankidetzarako Legeak traba egiten du».
«Duela bi urte balio izan zuen kontsentsuzko argazki politikoa lortzeko eta sektorea pozik egoteko. Baina, egiazki, ageri-agerikoa da onartutako testua ez dela betetzen ari», ohartarazi dute. «Hasteko, Lankidetzarako Euskal Kontseilua ez da deitu ia bi urtez; eta aurrekontuaren %0,7 garapenerako lankidetzako partidetara bideratzeko konpromisoan ez da aurrerapausorik izan. Politiken koherentziari buruzko artikuluaren aldaketa legea ez betetzeko borondatearen azken ebidentzia baino ez da».
Azkenik, euskal GGKEen sareak, REAS Euskadik eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak gogorarazi dute «politiken koherentzia ez dela bigarren mailako zerbait», eta honakoa gaineratu dute: «Noski, aldatu nahi den artikuluak traba egiten du; bereziki, euskal herritarren dirua giza eskubideekiko koherentziaz erabiltzeko interesik ez dutenei».
«Hain zuzen ere, horixe zen Eusko Jaurlaritzak legean islatu nahi izan zuen politiken koherentziaren helburua; eta Koordinakundea osatzen duten 80 GGKE baino gehiagoren bultzadari esker egin zen, beste sare eta erakunde batzuekin batera», kritikatu dute. «Ez dugu nahi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildutako dirua armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoizteko, merkaturatzeko eta finantzatzeko erabiltzea, ezta helburu hori duten industriekin elkarlanean aritzeko ere. Garapen jasangarria eta ingurumenaren zein pertsonen zaintza bultzatzen duten sektore produktibo eta birproduktiboetara bideratzea nahi dugu, bai Euskadin, bai munduko gainerako herrialdeetan».



