- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak parte hartuko du Eusko Jaurlaritza buru duen ordezkaritzan, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin, Eusko Legebiltzarrarekin eta giza eskubideen zein lankidetzaren arloko erakundeekin batera.
- Urtarrilaren 22tik 31ra bitartean, Kolonbian izango da ordezkaritza, NARE Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen jarraipena egiteko.
- NARE programak 15 urteko ibilbidea bete du 2026an, eta erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean. Gainera, aurten aurrekontu handiagoarekin indartu da.



Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Legebiltzarra eta giza eskubideen eta kooperazioaren aldeko hainbat erakundetako (Alboan Fundazioa, Bakearen aldeko Mugimendua – MPDL Kolonbia, Zehar-Errefuxiatuekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea) ordezkaritza batekin batera, Kolonbiara egin du bidaia, NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsona eta kolektiboen jarraipena egiteko. Programak 15 urteko ibilbidea bete du 2026an.
Euskal ordezkaritza 13 pertsonak osatuko dute, Ainhoa Zugasti, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendaria buru. Irene Molero Gurrutxaga Euskadiko GGKEen Koordinakundeko koordinatzaile orokorra Kolonbian dago ere, segizioko kide gisa.
Bisita urtarrilaren 22tik 31ra bitartean garatuko da, eta helburua da NAREn parte hartu duten defendatzaileen babesa eta laguntza indartzea, euskal erakundeen, legebiltzarraren eta elkarteen babesa ikusarazita. Horretarako, ekina izango da lan agenda, eta topaketak egingo dira hainbat erakunderekin, besteak beste, Landa Garapeneko Nekazarien Elkartearekin (ACADER), Antiokiako Desplazatuen eta Emakumeen Elkartearekin (ADMA) eta Awá Herriko Emakume eta Familia Sailarekin. Bisitaldian zehar jasotako eskariak eta kezkak Kolonbiako erakunde publikoei helaraziko zaizkie gero. Bestetik, agendak bilerak ditu aurreikusita nazioarteko erakundeekin eta herrialdean dauden kidego diplomatikoko ordezkariekin.
Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko zuzendari Ainhoa Zugastik nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak giza eskubideen eta nazioarteko elkartasunaren alde duen konpromisoa. Adierazi du funtsezkoa dela giza eskubideak defendatzen dituztenak babestea, eta horregatik indartu da aurten NARE aurrekontu handiagoarekin. Zugastik azaldu duenez, bisita konpromiso horren parte da: «Arrisku bereziko testuinguruetan defendatzaileei babesa eta laguntza ematea, eta tokiko erakundeekin lankidetza indartzea». Gainera, Euskadik demokraziarekin duen konpromisoa berretsi du, giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpena, mehatxuak eta hilketak gaitzetsi ondoren.

15 urteko ibilbidearekin, NARE erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean, besteak beste, Kolonbian, Guatemalan, Perun eta Hondurasen egindako jarraipen bisitekin. Denbora horretan, Kolonbia, Guatemala, Honduras, El Salvador, Ekuatore Ginea, Peru, Nikaragua eta Saharatik etorritako 41 ekintzaile baino gehiago hartu ditu.
Kolonbiaren kasuan, erakunde indigenekin, nekazariekin, hiriekin eta afrikar ondorengoekin batera lan egin da.
Askotariko eragileen lankidetzari eta eskualde desberdinetako pertsonen eta kolektiboen parte-hartzeari esker, NARE erreferente gisa finkatu da giza eskubideen defendatzaileen babesean. Hainbat erakunderen lankidetzari esker, programak babes sendoa izan du. Bere helburu nagusia atsedenerako eta aldi baterako zaintzarako espazio bat eskaintzea da, giza eskubideen alde egiten duten lanagatik etengabeko jazarpen eta mehatxu egoeretan bizi diren pertsonen indartze fisiko eta emozionala ahalbidetzeko, bai eta babes eta elkartasun politikorako sareak zabaltzea ere.
Azkenik, bisita amaitutakoan, ondorioak eta gomendioak biltzen dituen txosten bateratu bat egiten da, Eusko Jaurlaritzaren, Eusko Legebiltzarraren eta gizarte erakundeen babesarekin. Dokumentu hori publikoa da, eta giza eskubideen defendatzaileak babesten jarraitzea du helburu.



