MAP 2026: Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako Mekanismoa

Hasierako data: 2026 / 01 / 9
Azken eguna: 2026 / 12 / 31

Deitzaile: Arabako Foru Aldundia

Gomendatzen dugu dirulaguntzen epeak konfirmatzea administrazioak publikatutako deialdian.


146/2025 Foru Agindua abenduaren 2koa. Lehia askeko araubidean dauden irabazteko xederik gabeko elkarte eta erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdia onartzea, Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoaren esparruko 2026ko ekitaldiko ekintzak finantzatzeko.

Behin eta berriz salatzen denez, mundu osoko giza eskubideen defendatzaileen egoera oso kezkagarria da. Haien kontrako mehatxuak askotarikoak dira (fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak eta sozialak). Asko estigmatizatu, difamatu eta baztertu egin dira. Mehatxuak, jazarpena eta zaintza ere jasan dituzte. Beste batzuei eraso egin diete, bortxatu egin dituzte, hil egin dituzte eta desagerrarazi egin dituzte. Ohikoa da, halaber, atxiloketa eta espetxealdi arbitrarioak izatea eta akusazio faltsuen bidez epaitu eta kondenatuak izatea. Era berean, sarritan, beren eskubideak urratzen dituzten lege eta erregelamenduak aplikatzen zaizkie, bereziki adierazpen, elkartze eta zirkulazio askatasunerako eskubidea.

Esparru horretan bigarren urtez aurkezten dugu MAP, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren deialdi berria.

 

Xedea

Xedea lehia askeko araubidean dauden irabazteko xederik gabeko elkarte eta erakundeei zuzendutako dirulaguntzak arautzea da, Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko
Arabako mekanismoaren esparruko 2026ko ekitaldiko ekintzak finantzatzeko.

Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoaren esparruko ekintzatzat hartzen dira Arabako lankidetzarekin lotutako esku hartzeen esparruan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babestea eta gauzatzea, indibidualki edo kolektiboki eta modu baketsuan, sustatzen eta bilatzen duen pertsona ororen eraginarekin eta/edo babesarekin lotutakoak.

Arreta berezia eskainiko zaie, besteak beste, testuinguru hauetan arrisku berezian dauden defendatzaile taldeei: ingurumenaren eta lurraren aldeko eta garapeneko megaproiektuei aurkako defentsa, herri indigenen, sexu eta ugalketa eskubideen edo indarkeriaren aurkako defentsa, sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin lotutako eskubideen defendatzaileak, komunitateetako kazetariak, lan eskubideen eta/edo salerosketaren biktimak, errefuxiatuak edo okupaziopean daudenak.

 

Dirulaguntzen aurrekontu erabilgarritasuna, zenbatekoa eta muga

Deialdi publiko honen bidez araututako dirulaguntzak Arabako Foru Aldundiaren 2026rako aurrekontu proiektuko aurrekontu partida honen kontura ordainduko dira: Giza Eskubideen
Defendatzaileak Babesteko Arabako Mekanismoa 25302. G/232254/48100291. Kalkulaturiko zenbatekoa: 48.000,00 euro. Zenbateko hori handitu ahal izango da, eman beharreko dirulaguntza guztien azken zenbatekoaren arabera eta aurrekontu baliabideen arabera, gehienez ere ehuneko 35era arte.

Emandako dirulaguntzak ezin izango du, inola ere, eskatutako zenbatekoa gainditu. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.000,00 euro izango da erakunde bakoitzeko, eta proiektu bat aurkeztu ahal izango da erakunde eskatzaile eta urte bakoitzeko, bai banaka bai taldeka. Hala ere, egoera oso larrietan, behar bezala egiaztatuta daudenean, esku hartze gehiago finantzatu ahal izango dira, baldin eta funts nahikoa badago.

Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea dirulaguntzaren ebazpena ematen denean.

 

Epea

Eskaerak aurkezteko epea aurrekontu esleipena eta haren balizko luzapena amaitu arte egongo da zabalik. Aurrekontu esleipena bukatzen baldin bada, webgune honetan argitaratuko da: Arabako Foru Aldundia – Zurekin online.