Intereseko Artikuluak: IRITZI ARTIKULUA
Beste mundu bat oraindik ere posible da
Asko dira gizarte gisa ditugun erronkak, eta are gehiago egungo osasun-larrialdiaren testuinguruan.
Hala ere, pobreziak, zoritxarrez, pandemiarik mingarriena, justifikaezinena eta "toleratuena" izaten jarraitzen du, gure premiazko ekintza sozial eta politikoa eskatzen duena. Hain zuzen ere, duela 15 urte, pobreziarekin eta desberdintasunekin kezkatuta zeuden hainbat gizarte-kolektibok ekintzara pasatzeko erabakiarekin, Donostiako Zero Pobrezia Plataforma eratzea erabaki genuen. Nazioarte mailako kanpaina bat zen, 2000an Nazio Batuen Erakundeak adostutako Milurteko Garapen Helburuen harira jaioa.
Egindako ibilbide honetan zehar, erakutsi ditugu pobreziaren eta bazterkeriaren hainbat adierazpen bai gure ingurune hurbilenean, bai munduko beste leku batzuetan; eta haien kausak ere identifikatu eta salatu ditugu. Ulertu dugu pobreziaren aurkako borroka asistentzialismoaren eta ekintza humanitarioaren logika aplikatzetik harago doala, eta gizartea aldatzeko borondate politiko eta herritarra behar duela, zuzentasunaren, justiziaren eta giza eskubideen balioetan sendo oinarrituta.
Helburu hori jomuga izanda, eta pobreziak dimentsio asko dituenez, txirotasuna desagerrarazteko ezinbesteko zenbait arlo jorratu ditugu urte hauetan. Lehendabizi, azaleratu ditugu emakumeek sistematik jasaten dituzten bazterkeriak zenbait arlotan eta munduko zoko guztietan. Bigarrenik, hezkuntzaren edo osasunaren antzeko eskubide guztiak mundu osora hedatzea aldarrikatu dugu. Hirugarrenik, migratzaileen aurkako politikak salatu ditugu, kriminalizatzen baitute segurtasunaren bila ari diren pertsona, edota bizitza duina lortu nahi dutenei. Azkenik, agerian jarri dugu natura zaintzearen garrantzia pobrezia desagerrarazteko, adibidez, aldaketa klimatikoa geldituz edo ekoizpen eta kontsumo ereduak eraldatuz, azken horiek oinarritzen baitira baliabide naturalen xahupenean eta pertsonen esplotazioan. Baina protesta ez ezik, plataforman proposamenak ere egin ditugu. Horretarako, zenbait alternatiba eta benetako ekimenak partekatu ditugu aldaketak lortu nahian, esate baterako, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta gertukoa, edota finantza etikoak, besteak beste. Horiek guztiak, hain zuzen ere, oinarrituta daude lankidetzan, guztion ongi izatean eta eredu bidezkoago eta solidarioago batean, betiere tokian tokiko esparrutik giza garapen iraunkorra lortzeko.
Irakaspen guzti horiekin, 15 urte ondoren eta mundua astindu duen pandemia baten erdian, gaur, urriaren 17an, oroitzen dugu Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hala ere, osasun-larrialdi honek ezin du ezabatu atzo arte munduan gertatzen ziren bidegabekeriak. Gizarte askotan giza eskubideak larriki eta behin eta berriz urratzeari osasun-krisi bat gehitu behar zaio, eta horrek egoera larriagotu egingo du, desberdintasun eta prekarietate handiagoa sortuz, batez ere pertsona eta herri ahulenetan. Hala ere, COVID-19 hedatzea arazo globalen aurrean konponbide eta politika globalak adostu behar ditugula gogorarazten jarraitzeko aukera ere bada, eraldaketa pertsonal eta kolektibotik, inor ez atzean utzi gabe.
Horregatik, Beste mundu bat beharrezkoa eta posiblea da: desberdintasunak ezabatu! lelopean, pobrezia ekidin daitekeela eta horretarako borondate politikoa behar dela, aldarrikatzen dugu. Baita irauli dezakegula ere egungo eredu ekonomikoa eta instituzional globala eta neoliberala, horren sorreraren eta betikotzearen arduraduna delako. Era berean, uste dugu herritarrek pobreziarekin eta desberdintasunekin amaitzen lagun dezaketela salaketaren, mobilizazioaren, gizartearen parte-hartzearen edo egunerokotasunaren bidez.
Bestalde, erakundeek erantzun ausartak eta premiazkoak eman behar dituzte egungo larrialdi-egoera eta horren ondoriozko krisi ugariak arintzeko. Elkarrekin, orain inoiz baino gehiago, premiazkoa da bizitza erdigunean, ingurumenarekiko errespetuan, genero-ekitatean eta, azken batean, pertsona guztientzako bizitza duinean jarriko duten bizi-eredu berrietarantz aurrera egitea.
Iñigo Odriozola
Gema Hierro
Donostiako Zero Pobrezia plataforma