Intereseko Artikuluak: IRITZI ARTIKULUA
Guztion ona
2012ra arte nazioarteko lankidetza arloko euskal politika publikoak modu demokratikoan eraiki ziren erakunde sozial eta publikoen artean.
Euskal gizarte osoaren elkartasun espirituaren adierazpen gisa eta adostasuna oinarri hartu zen.
Horren adibidea dugu Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseiluan eragile politiko, instituzional eta sozialek 2012ko uztailean aho-batez onartu zuten Lankidetza deszentralizatuaren aldeko Adierazpen Instituzionala, zeinaren bidez sinatzaileek konpromisoa hartu baitzuten “euskal lankidetzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko eta finantzaketa-baliabide egonkor eta aurreikusgarriak mantentzeko, lankidetza hori posible izan dadin, uko egin gabe hargatik etorkizun laburrean %0,7ko helburua lortzeari”. %0,7a nazioarteko lankidetzara bideratzeko eskaria 1970an onartu zuten Nazio Batuek eta Euskadiko gizarteak konpromisoa hartu du helburu hori Lege bidez gauzatzen hasteko 2012tik aurrera.
Nazioartean Euskadi aski ezaguna da munduko pobreen alde egiten duen elkartasun lanagatik eta lan horretan erreferentziatzat hartzeagatik Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna, munduko injustizia eta ezberdintasun guztien aurkako borrokaren ardatza.
Halere, Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeko Presidente bezala adierazi nahi dut Eusko Jaurlaritzaren 2103ko aurrekontu proposamenak (sostengu faltaz atzera bota zenak) lankidetza arloan indarrean dagoen Legea urratzen zuela, eta baita ere proposamen deitoragarria zela, batez ere bizi dugun egoera sozial eta politikoan, hautsi egiten zuelako gure artean bizirik geratzen diren adostasun sektorialeko esparru apurrenetako bat. Proposamen hura onartu balitz, gure gizartea adostasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen bidetik aldentzen hasiko zen eta buruz aurrera amiltzen hasiko ginen Nazio Batuen akordioak errespetatzen ez dituzten “Gobernuen Kluba”ren zulora.
Lankidetza deszentralizatuari esker euskal gizarteak aukera izan du —abiapuntutzat harturik bere irazki ekonomiko, sozial eta kulturalaren ezaugarri eta ahalmen bereziak— garapen arloko erronkei aurre egiteko eta elkarrizketaren bidean sartzeko lan egiten duen herrialde pobretuekin. Bestela esanda, guztion onatik abiatuta, nazioarteko lankidetzak aukera ematen digu globalari tokikotik eragiteko eta tokikoari globaletik eragiteko. Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek mundua Euskadin kokatzen dute eta Euskadi munduan, eta horrela globalizazioa ez da elite ekonomiko eta finantzarioei mugatutako espazio bat.
Herri administrazioek erabaki politikoen bridak hartu behar dituzte eta apustu gogor eta iraunkor bat egin behar dute gure mundua banatzen duen eten soziala handitzen ez uzteko; eten bat, elkarrengandik bereizten dituena, batetik, hiritarren gehiengoa eta, bestetik, nazioarteko elite bat batere interesik ez daukana globalizazioaren aukerak gizadi osoarekin partekatzeko gizadi osoaren onerako.
Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) Giza Garapenari buruzko 2012ko txostenak dioenez, “eliteak, hala Iparraldekoak nola Hegoaldekoak, gero eta globalizatuago eta konektatuago daude” eta berentzat izan da azken hamarkada honetan globalizazioaren azelerazio izugarriak sortarazi duen aberastasuna. Elite horiek “unibertsitate beretan ikasten dute, bizimolde berdinak partekatzen dituzte eta beharbada antzeko baloreak ere bai”. Nazioarteko elite horien helburua da beren sostengu publikoak mantentzea eta beren statusari eustea, gizarte orokorraren interesak aintzat hartu gabe.
Hain zuzen ere elite horiek hartzen dituzte hizpide Capgemini eta RBC kontsultoreek munduko aberastasunaren banaketari buruz urtero egiten duten azterketan. Horien arabera, 2011. urtean munduan 11 milioi inguru aberats zeuden (munduko populazioaren %0,16) eta denen artean 32 bilioi euroko finantza aktiboen jabe ziren (munduko finantza aberastasun osoaren %16). Aberastasun horren urteroko errentagarritasuna 3,5 bilioi eurokoa da, hau da, Espainiako ekonomiak urtebetean ekoizten duena halako hiru.
Nazioarteko elkartasunak ez dauka zerikusirik aldi bateko filantropiarekin. Egiazkoa izango da baldin konpromiso sozial eta publiko iraunkor bat badago eta gauza bada jendeari bizia salbatu eta hobetzeko, hiritargo unibertsala eraikitzeko eta munduko pobreziaren arrazoiak ezabatzeko.
Hegazkinez gure etxetik lau orduko bidean beste errealitate bat dago: ehundaka milioi jende goseturik eta desnutrizio kronikoaren menpe; jendea sailean hiltzen beherakoengatik edo erditzean behar bezalako baldintzarik ez izateagatik; eskolara joaterik ez daukaten neskatoak; bizitza osoa txorrotako urik gabe, lokatz eta zabor artean bizitzen; basoak eta oihanak larruturik gizakiaren eskuz; eskualde osoak basamortu bilakaturik… Gaur injustiziari lepoa ematen badiogu bihar muturrean joko gaitu gure herrietako kaleetan.
Suedia, Norvegia, Danimarka; Luxenburgo eta Herbehereak, edo Irlanda, Erresuma Batua eta Frantzia, per capita errenta Euskadikoaren antzekoa izanda eta horiek ere gureak bezalako aurrekontu arazoak dituztela, nazioarteko lankidetza arloan egiten duten ahalegina Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuan egiten dena baino 4-4,5 aldiz handiagoa da.
Euskaditik —eta Euskaditik izanik hainbat sutsuago— defendatu behar dugun globalizazio ereduak giza dibertsitatea zaindu behar du, gutxiengoan dauden talde eta gizarteak babestu behar ditu eta tokikoaren eta globalaren arteko bizikidetza horizontala bermatu behar du Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunaren markoan.
Ana María Arriola Palomares
Euskadiko GGKEen Koordinakundeko Presidentea