Intereseko Artikuluak: IRITZI ARTIKULUA
Garapenerako lankidetza krisian al dago?
Azken aste eta hilabeteetako berriek hainbat erakunde publikotan eman diren garapenerako lankidetzara zuzendutako partiden murrizketak islatu dituzte.
Beherakada hauek Euskadin izan duten eragina beste lekuetan baino txikiagoa izan arren, Arabako erakundeetako kasuek egoera kezkagarri baten aurrean gaudela ohartarazten gaituzte. Aipaturiko murrizketak ezartzeko argudio nagusia aski ezaguna da: gastu publikoa gutxitzen doan heinean, partida orotan aplikatu behar dira murrizketak, baita garapenerako lankidetzan ere. Hala ere, arrazoibide hau kolokan jartzen da gastu sozialetako beherapenak egin eta zalantzazko bestelako partidak mantentzen diren unean. Honetaz gain, garapenerako lankidetzan aipatu diren murrizketak justifikatzeko bestelako argudio bat ere aurki dezakegu: bertako pobrezia handituz doan heinean, munduko beste lurraldeetara zuzendutako jarduerak ezabatzea normala da. Gure aburuz, argudio hau engainagarri samarra da, alderatu ezin daitezkeen bi elementu lehiarazten baititu. Euskadin bizi dugun egoera, garatuak deritzen munduko beste lekuekin batera, gero eta kezkagarriagoa dela argi dago: langabezia, kaleratzeak, pentsiodunen eta lana duten pertsonen erosteko ahalmenaren murrizpena, gazteen eta 50 urterekin lana galtzen duten pertsona nagusienen aukerarik eza, baztertze egoeran dauden taldeen hazkundea, osasun eta hezkuntza publikoaren hondatzea, eta malnutrizioa bezalako arazoak egunerokotasunaren zeinu bihurtu dira, garapena deitu izan genion horri, txanponaren beste aldea bistaraziz. Ezbairik gabe, gizarte osoan aldaketa sakonak behar dituzten egoera bidegabeak dira; gutxi batzuen aberastasunaren itzalean, gehiengoaren ongizate eta demokrazia hondatzen duten egoerak dira hain zuzen ere.
Edonola ere, aurrez aipaturiko arazoetan eta hemendik milaka kilometrotara daudenetan arreta jartzea ez dira bateraezinak. Izan ere, munduko hainbat lurraldetan ehunka edota milioika lagunek pairatzen duten muturreko pobreziaz ari gara; hots, elikadura okertze kronikoa sufritzen dutenez, erditze eta beherakoa dela bide bizitza galtzen duten lagunez, lohi eta zabor artean bizi direnez, iturriko uraren gabezia nozitzen dutenez, eskolatu gabeko haurrez… Hemendik urrun gertatzen denak hemen ere eragina du eta errealitate horri bizkarra ematen badiogu, etorkizunean bueltan etorriko zaigu. Elkartasuna azaltzeko bidea ez datza pobrezia mota bat edo bestearen aukeraketan, bi errealitateak txanpon beraren bi aldeak direla kontuan izatean baizik. Baliabideen kudeaketa eta pertsona eta talde sozialen interesak bateratzeko arduradun nagusia merkatua zenaren ustea ezarri zenetik, leku desberdinetako egoerek okerrera egin dute. Azken urteetan zehar era guztietako lurraldeetan eragina izan duten desberdintasunak handitzeaz gain, etorkizuneko belaunaldien bizitzak erabat mehatxatzen dituen ingurumen arazoak ere ikusgai izan ditugu. Inondik ere egoera honek garapenari eragiten dioten mehatxu berriak sortu ditu eta giza segurantzari dagokionean, ziurgabetasun handiagoa ekarri du. Hau guztia kontuan hartuta, kanpoko eta barneko elkartasuna kontrajartzeak ez du zentzurik, erabat bateragarriak baitira.
Mundu mailako egoerak aldatu egin dira, eta baita elkartasunera zuzenduriko erronkak ere. Erakunde publikoek ez ezik, garapenerako GKEek eta bestelako eragile sozialek ere euren helburuak berriz planteatu eta lan eremu berriak aztertu beharko lituzkete Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeekin elkarlanean arituz. Etorkizunari modurik egokienean aurre egiteko bideen inguruan hausnarketa egitea premiazkoa da; izan ere, ziurgabetasunez beteriko etorkizun horren aurrean, barne elkartasuna eta nazioarteko lankidetza, giza duintasuna babestuko duen estrategiaren pean daude. Beharrezkoa da mugimendu sozialetako, arlo akademikoko eta erakunde publikoetako jendea bilduko duen hausnarketa prozesu bat irekitzea. Zentzu honetan, autonomia erkidego desberdinetako garapenerako GKEen koordinakundeen biltzarra ospatu berri dugu Bilbon eta abenduaren 13an, nozitzen ari garen aldaketen analisian sakondu eta lankidetzaren eginkizunaren inguruan dagoen krisiaren aurrean aukera berriak planteatzea helburu izan zuen bilkura ospatu genuen Donostian.
Dagoeneko 25 urte pasa dira euskal erakunde publikoak gizarteko eskaeran oinarri izan zuen lankidetza jardueretan murgildu zirenetik. Gure lana bideratzeko aukera ezin hobe baten aurrean gaude, egungo behar eta erronkekin bat datozen oinarri berri eta irmoak eraikiz. Orain arte euskal gizartearen nortasunaren oinarri izan den elkartasuna ez dezagun bidean galdu.
Ana María Arriola
Euskadiko garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakaria
Luis Guridi
Hegoa Institutuko zuzendaria -UPV/EHU-