Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea nazioarteko lankidetzan eta gizarte eraldaketarako hezkuntzan lan egiten duten 84 euskal garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) kolektibo bat da. 11 erakunde fundatzaileen esku sortu zen 1988an elkarlanan aritzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta lan egiteko bazkide diren GGKEak modu koordinatu batean ekiteko eta euren jarduerak koherenteak eta egokiak izateko.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta bazkide diren erakundeek Jokabide Kode amankomun baten arabera ekiten dugu, geure lana zuzentzen dituen oinarriak eta balioak zehazten duena, hain zuzen ere.
Hauexek dira gure lehentasunezko lan arloak:
- Kalitatezko garapenerako lankidetza sustatzea euskal instituzio publiko zein pribatuetan eta bazkide diren erakundeetan.
- Bazkide diren GGKEei laguntzea burutzen duten lanean eta euren gaitasun politiko zein teknikoak indartzea.
- Gure ingurunean eraldaketa soziala bultzatzea esparru global batean aldaketak ere sortarazteko.
Horretarako, parte-hartzea eta gure garapen eredu patriarkalak eta neoliberalak pobreziarekin eta desberdintasunekin duen harremanari buruzko eztabaida kritikoa sustatzen dugu. Herritarren artean elkartasunaren kultura sustatzen dugu eta gure gizartean zein herri kalteberenetan desberdintasunak sortzen dituzten egiturak aldatzea eragiten dugu. Topaketa, eztabaida eta gogoeta tarteak eskaintzen ditugu iritzi eta irizpide komunak adosteko eta helburuak partekatzen ditugun bestelako gizarte mugimenduekin sareak ehuntzen ditugu ere.
Garrantzi berezia ematen diogu demokrazia parte-hartzailea,independentzia,gardentasuna, koherentzia eta genero ekitatea sustatzeari.
Genero ekitatedun giza garapen iraunkorraren paradigmapean lan egiten dugu justizia soziala lortzeko eta gizartea eraldatzeko, beti ere pertsonen bizitza eta euren duintasuna politiken erdialdean kokatuz. Pobrezia, desberdintasunak eta bazterkeria ezabatzeko borrokan, mundu osoko beste hainbat talde sozialek bezala gurea egin dugu Beste mundu bat posible da leloa.
Guretzat, lankidetza Euskaditik txirotutako herrialdeekin egiten dugun lana da, giza garapena eragozten dituzten oztopoak desagerrarazteko. Elkartasunean, elkarrekikotasunean, eskuzabaltasunean eta dohaintasunean oinarritutako prozesu bat da, ez transferentzia ekonomiko hutsa. Lankidetza pertsonen eta herrialdeen garapena oztopatzen dituzten mekanismoen inguruan hezten, sentsibilizatzen eta kontzientziatzen duela irmoki pentsatzen dugu.
Hau da gure erakundeak zehaztutako lehentasunezko lana:
- Sektorea eta gure erakundea sendotzea.
- Euskal lankidetza politikaren defentsa.
- Komunikazioa eta gizartearen eraldaketa kontzientzia kritikoa pizteko.
Garapenerako GKEen Espainiako Koordinakundeko bazkide gara 1999. urteaz geroztik. 2009an, Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellacuria saria eman zigun garapenerako lankidetzan egindako lanagatik.
Euskararekin dugun konpromisoaren erakusle, Araban eta Bizkaian Euskararen bidean ziurtagiria dugu, eta Gipuzkoan, Zerbitzua euskaraz ziurtagiria; biak Bai Euskarari elkarteak emanak.
Euskadiko GGKE-en Koordinakundean ez galtzeko 5 urrats
Gure sareko bazkide diren GGKEak datuetan (2019):
Jarduera-esparrua:
- Proiektuen % 74,6 garapenerako lankidetzara bideratzen dira, % 21,6 gizarte-eraldaketarako hezkuntzara, eta % 3,7 ekintza humanitariora.
- Erakundeek proiektuetara bideratzen dituzten funts ekonomikoetatik % 78,7 garapenerako lankidetzako ekimenetara bideratzen dira, % 13,6 gizarte-eraldaketarako hezkuntzara, eta % 6,7 ekintza humanitarioko esku-hartzera.
Esku hartzen duten eremu geografikoak:
- Lankidetza-proiektuen % 43 Latinoamerikan egiten dira, % 32,6 Afrikan eta % 20,9 Asian.
Finantzaketa-iturriak:
- Erakunde guztiek jasotzen dute finantzaketa publikoa, eta % 85,7k finantzaketa pribaturen bat jasotzen du. Funts publiko horien % 71 Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik datoz, % 11,1 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietatik, eta % 17,9 beste erakunde batzuetatik (EAEko udalak, estatuko, autonomia-erkidegoetako edo tokiko beste administrazio batzuk, Europako administrazioa eta beste iturri batzuk).
Oinarri soziala
- Erakunde horiek 39.000 bazkide dituzte (% 53,9 emakumeak dira) eta 17.000 dohaintza-emaile (% 57,7 emakumeak dira).
- 3.800 boluntario inguruk laguntzen diete erakunde horiei (% 70,5 emakumeak dira).
Genero-berdintasuna:
- Erakundeen % 90,2k genero-estrategia bat dute.
- Bazkide diren GGKE-etako talde teknikoetako pertsonen % 71,3 emakumeak dira. Horiek sektoreko boluntarioen % 70,5 dira, baina erakundeen erabaki-organoetan duten ordezkaritza % 57koa da.