Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
Egungo ziurgabetasun‑testuinguruan, Gasteiz konexioan jardunaldiak aztertuko du nola berma dezakegun gure erosketa‑saskia, eta erosten eta jaten dugunak munduan duen eragina
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 3a. Azaroaren 10ean, osteguna, Gasteiz konexioan jardunaldiaren zazpigarren edizioa egingo da, Eraldaketa lapikoan titulupean (kartela atxiki da). Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatutako sentsibilizazio‑jardunaldia da. Nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 84 euskal GKE biltzen ditu sare horrek (horietako 30 Araban daude).
Gasteiz konexioan jardunaldiaren xedea da gure lurraldearen eta urrutiko beste leku batzuen arteko lotura erakustea, bereziki Arabako garapenerako GKE-ek lan egiten duten tokietan, eta, hala, gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen esku hartzen duten herritar aktiboak eta parte-hartzaileak sortzen laguntzea. “Lotura horien ondorioz, gure kontsumo‑ekintzek, -jarrerek eta -ohiturek ondorioak izango dituzte gure ingurunetik haratago. Dena lotuta dago mundu globalizatu honetan: arropa, elikadura, energia, klima-aldaketa, osasuna, hezkuntza, pobrezia, aberastasuna, desberdinkeriak, eskubideak, aukerak…” diote.
Egun, hainbat arlotan dugun ziurgabetasunak (energia-krisia, inflazioa, horniduren eskasia, prekarietatea, ekoizpenaren deslokalizazioa…), eremu geografikoen, klase sozialen edo baliabideen arabera, ez dio modu berean eragiten pertsonei, eta horiek planetaren lotura horien beste adibide bat baino ez dira. “Egungo mundu globalizatuan, erosten eta jaten dugunak milaka kilometrotara bizi diren pertsonen eskubideetan eragiten du. Era berean, munduko krisiek ere eragina dute gure ingurunean, adibidez, erosketa‑saskiaren prezioen igoeran. Mundu mailako kontsumitzaile eta ekoizleok merkatuaren oso mendeko gara eta zaurgarritasun handiko egoeran geratzen gara. Hortaz, gure erosketa-saskia gizartearen norabidea aldatzeko eta pertsona ororentzat elikadura osasuntsua, jasangarria eta bidezkoa bermatzeko tresna da, giza eskubideak eta ingurumena errespetatzen dituena”, gaineratu dute.
Ana Urrutia kazetariak aurkeztuko du lekukotzez, musikaz eta bideoz betetako jardunaldia, zeinak herritarroi gure kontsumo ohiturei buruzko gogoeta eragingo digun, ekiten has gaitezen. Gure menuaren eragina han eta hemen atalean, Ekuadorreko Maquita Fundazioak hartuko du parte. Fundazio horrek ekoizpen jasangarriaren, bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren alde egiten du lan, herrialde horretan zaurgarritasun-egoeran bizi diren familien bizi-kalitatea hobetzeko. Halaber, Ekologistak Martxan erakundeko bozeramaile Isa Álvarez Vispo arabarrak ere hartuko du parte. Erakunde horren ustez, ingurumen-arazoen jatorria ekoizpen- eta kontsumo-eredu gero eta globalizatuagoa da, eta eredu horretatik beste gizarte‑arazo batzuk sortzen dira. “Bi testigantzekin egiaztatuko dugu arazo komun eta globalei neurri bereko irtenbideak eman behar dizkiegula” azpimarratu dute.
“Zer egosten da erosketa-sakian?” atalean, zenbait kolektibok hartuko dute parte. Batetik, Bioalai elkarte arabarrak. Talde horrek elikagai ekologikoak kontsumitzearen garrantziaz kontzientziatuta dauden pertsonak biltzen ditu, eta ingurumena eta abeltzaintza gehiago errespetatzen dituen ekoizpen‑eredu osasuntsuago baten alde apustu egiten dute. Produktu horiek erosi eta saltzeko denda bat dute. Bestetik, Carro de combate kolektiboak hartuko du parte, kontsumitzen ditugun produktuen jatorria ikertzen duen kazetaritza independentean diharduen kolektiboak. Haien ustez, kontsumitzea politika-egintza da; izan ere, eguneroko erosketak egitean atzean dauden enpresei laguntzen diegu. Azkenik, Bionekazaritza eredu agroekologiko baten alde egiten duten ekoizle eta kontsumitzaileen kolektiboak hartuko du parte, zeinak lehenetsi eta balioetsi egiten duen baserritarrek egunero betetzen duten zeregina. “Gure elikaduraren prozesua aztertuko dugu: ekoizpena, kontsumitzaileen erosketak, merkaturatzea… etapa bakoitzean hartzen diren erabakiek zein ondorio eragiten dituzten jakiteko” aurreratu dute.
Era berean, Kalimbaren haurrentzako musika-emanaldia ere izango dugu. Elkarte horrek jolaserako, kulturarteko eta belaunaldien arteko gunea eskaintzen du, batez ere haurrei zuzendutako musika-topaketen bidez. Helburua da familia migratzaileen harrera eta parte-hartzaile guztien sozializazio egokia ahalbidetzea.
Jardunaldiari amaiera emateko, Slow Food Araba elkarteak prestatuko du zero kilometroko produktuekin (tokiko elikagaiekin) egindako pintxo baten dastaketa. Elkarte horrek kalitatezko tokiko produktuak sustatzen ditu, eta ingurumenarekin eta biodibertsitatearen babesarekin arduratsuak diren ekoizleei laguntzen die.
Jardunaldia azaroaren 10ean, ostegunean, izango da, 18:00etan, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko antzokian. Saiorako sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Jarduera honek Vitoria-Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza du.