Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
Gipuzkoako garapenerako GKE-ek online jolas bat proposatu dute, errealitatea nola ikusten dugun jakiteko eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko.
Donostia, 2022ko apirilaren 4a. Nazioarteko lankidetzan jarduten duten 81 euskal GKE biltzen ditu Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak (horietako 51 Gipuzkoan daude). Erakunde horrek Begira TÚ online jolasaren bigarren edizioa proposatu du eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren programazio ofizialeko parte da.
“Quiz” formatuan oinarritutako online-jolas erraza eta dibertigarria da. Horri esker, edonork jakin dezake nola begiratzen dion inguruko errealitateari, eta giza eskubideen inguruan hausnartu dezake. “Gure egunerokotasuna frenetikoa izaten da, eta, ondorioz, aurrean duguna besterik ez dugu ikusten. Hortaz, lehen begiradan ikusi dugunetik at zer dagoen jakiteko aukera galtzen dugu. Ekimen honen bitartez, parte-hartzaileek jakin ahal izango dute zer dagoen gure eguneroko ekintzen atzean eta horiek zer inpaktu duten mundu osoko pertsona askoren giza eskubideetan”, ekimena bultzatu duen kolektiboak dioenez.
Disneyren, Lisa Simpsonen ala Matrixen begirada?
Begira TÚ doako proposamen irekia da, oso aproposa giza eskubideetara eta lankidetzara hurbildu nahi duen edonorentzat. “Jolasak 10 galdera ditu eta horien bitartez ohartu gaitezke zer dagoen goizero hartzen dugun tearen beste aldean, zer dagoen 3 euroko kamiseta baten atzean, zer ezkutatzen den zinemaren pantailaren atzean, edo zer egiten duten Gipuzkoako elkartasunak eta garapenerako GKE-ek mundua eraldatzeko”, deskribatu dute. “Gainera, erantzun dibertigarri eta ironikoen bitartez, jolasak gakoak eta erremintak ematen ditu ezagutzeko mundua eraldatzeko edonork egin ditzakeen eguneroko ekintzak, planetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak, desberdinkeriak, pobrezia eta bidegabekeriak gutxiagotzeko”. Azken finean, ekimen honek ikuspegi, narratiba eta komunikatzeko era berriak eskaintzen ditu herritarrek ezagutu dezaten “errealitatea begiratzeko haien modua: ¿Disney, Lisa Simpson ala Matrix begirada”, galdetzen dute.
Lorea Intxausti eta Santi Ugalderekin egindako spot ere eskuragarri dago, eta Zinemaldiko programazio ofizialeko saioen hasieran proiektatuko dute: https://youtu.be/5d6eAsrl5wM
Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak Donostiako Saretuz kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen sareko dendetan gastatzeko bost bonu zozkatuko ditu jolasean parte hartzen duten guztien artean.
Zinemaldiko katalogoan eta eskuorri ofizialetan agertzen den QR kodea eskaneatuz edo honako web-orrialde hauen bidez sar daiteke jolasean:
www.zinemaetagizaeskubideak.eus
Urteak dira Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak lan egiten duela Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin, hiriko beste gizarte-erakundeekin batera.
Bigarren urtez, ekitaldirako sortutako proposamen berritzaile honen bidez, Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen asmoa da Zinemaldiaren helburuari laguntzea; alegia, giza eskubideak sustatzea. Halaber, aditzera eman nahi du zein den lankidetzaren, elkartasunaren eta garapenerako GKE-en eginkizun mundu bidezkoagoa lortzeko pertsona guztientzat eta leku guztietan. Ekintza honek, gainera, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza du.