Dokumentazioa: Barne dokumentuak
Gizarte eraldaketarako hezkuntza eredu dokumentua

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko gizarte eraldaketarako hezkuntza eredu dokumentu honek partekatutako gutxieneko oinarri komun batetik abiatu eta norantz jo adierazten digun horizontea izan nahi du. Haren bidez, eraldaketarako hezkuntza eraikitzaile, propositibo, hezkidetzazko eta positiboaren alde egiten dugu, eta kritika nabarmendu baino gehiago, zer eraldatu nahi dugun, hor jartzen dugu begirada, gauden testuinguruaren irakurketatik abiatuta, hainbat ikuspegi kontuan hartuta, Hegoalde Globaletik bereziki, eta interpretazioak eta ekarpenak egiten ditugu, bazterketa-errealitateekiko kontaktuaren bidez eta haietako jakintzen eta proposamenen ekarpena eginez.
Era berean, beste urrats bat izatea nahi dugu, gizarte eraldaketarako hezkuntzari zentraltasun handiagoa emateko Euskadiko GGKE-en Koordinakundean; inspiratzeko, motibatzeko, indarberritzeko dokumentua izatea nahi dugu, erakundeen beren aldaketetan eragiteko, eta lan-arlo honi prestigio eta garrantzi handiagoa emateko sektorean. Ildo beretik, tresna ireki bat da, bertan oinarritu eta eragiteko proposamen zehatzak garatu ahal izateko beste eragile batzuetarako, hala nola administrazio publikoetarako eta/edo hezkuntza-erakundeetarako, gizarte eraldaketarako hezkuntzak gizarte-aintzatespen handiagoa izan dezan, eta erdigunean egon dadin, administrazioek (politiken koherentzia eskatuz) eta erakundeek (ekintza-koherentzia bidez) konpromisoak hartzearen ondorioz.
Dokumentua hiru bloketan dago egituratuta: sarrera, testuingurua eta etorkizunera begirako ikuspegi partekatuaren proposamena. Atal honetan, ekimen honen oinarrian dauden helburuak azaltzen ditugu; bigarrenean, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren testuinguruari ekingo diogu, zabalenetik zehatzenera; eta, hirugarren blokean, gure lurraldeko gizarte eraldaketarako hezkuntzari horizonte bat proposatuko dugu.
Dokumentu hau Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen barne-erabilerarako da, baina eskura dute esparru honetan zer jarrera dugun jakin nahi duten hezkuntza-eragileek eta erakundeek, edo baliagarri izan dezaketenek beren hezkuntza-jardunak bideratzean. Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak bere Batzar Orokorrean onartu du testu hau 2021eko ekainaren 23an.