Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
Zero Pobrezia Donostiak salatu du herrialde zaurgarriek ez dutela sarbiderik COVID-19aren aurkako txertora, eta ohartarazi du herrialde aberastuek dosiak pilatu dituztela
Donostian, 2021eko urriaren 13an. Urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterketaren aurkako Nazioarteko Eguna oroitzen da. Horregatik, Donostiako Zero Pobrezia plataformak, 21 gizarte-erakundez eta gizarte-mugimenduz osatuta, antolatutako jarduerak aurkeztu ditu gaur (argazkia, manifestua eta kartela erantsita).
Egungo pandemiak ez ditu bereizten ez mugak ez herrialdeak, baina bai, ordea, desberdintasunak eta klase sozialak, ez baitu eragin bera mundu osoan, ezta herrialde edo eskualde beraren barruan ere. “Pandemia pobrezia eta desberdintasunak sortzen dituen beste faktore bat da, eta pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazteko azken urteotan egin diren aurrerapenak geldiarazten ari da”, gogorarazi du plataformak. Salatu dute COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriak eskuratzeko aukeran ere islatzen direla desberdintasun horiek, munduko herrialde zaurgarrietan ezin baitzaio erantzun proportzionala eta egokia eman krisiari, gabezia handiak dituztelako osasun-baliabideetan, giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan.
“Desberdintasun horien adibide da munduko txertaketa desorekatua”, adierazi dute. The Intelligence Economist Unit (EIU)-aren arabera, herrialde pobretu askok ezin izango diote txertorik jarri beren biztanleriaren gehiengoari 2023ra arte. “Herrialde aberatsek dosiak metatzearen ondorioa da, beren benetako beharren gainetik ere. Herrialde horiek etorkizunean ere izango dituztela txertoak ziurtatzen duten bitartean, gainerako herrialdeek ez dakite txertorik jasoko duten”, salatu dute. “Desberdintasun larri horren beste adibide bat txertoaren kostua da, Hego Afrikan 2,5 aldiz gehiago kostatzen baita Europako herrialde gehienetan baino”.
Our World in Data-ren arabera, urriaren 6an, diru-sarrera handiko herrialdeetan bizi diren biztanleen erdiek baino gehiagok (% 60,5) jaso dute txertoaren pauta osoa, baina herrialde pobreenetan (diru-sarrera txikiak dituztenetan) biztanleriaren % 1,3k baino ez, eta diru-sarrera ertain eta txikiko herrialdeetan biztanleriaren % 15,2k baino ez. Adibidez, Afrikan, irailean, herrialde guztietan biztanleriaren % 1ek baino gutxiagok zeukaten txertoaren pauta osoa jarrita. Hain zuzen ere, txertoaren dosi bakarra edo pauta osoa jasotako biztanleen kopuru urrieneko herrialde guztien artean, Afrikakoak gailentzen ziren; besteak beste, Madagascar, Kongoko E.D., Burkina Faso eta Hegoaldeko Sudan. Txanponaren beste aldean, Euskadin, 12 urtetik gorako biztanleriaren ia % 90 erabat immunizatuta dago (helburuko populazioa), urriaren 6ko Osakidetzaren txertaketa-buletinaren arabera.
“Pandemia amaitzeko, ezin ditugu txertatu soilik herrialde batzuetako biztanleak. Erantzuna eraginkorra izan dadin, diru-sarrera handiko herrialdeek konpromisoa hartu behar dute mundu osoko dosiak bidezko moduan banatzeko. Atzerapenaren ondorioz, jende gehiago hiltzen da, oztopatzen da suspertze ekonomiko globala, eta erraztu egiten da birusaren aldaera berriak agertzea”, ohartarazi dute. Era berean, azpimarratu dute pandemia honek erakutsi duela zeinen konektatuta dagoen mundua elkarrekin, eta horregatik, aldarrikatu dute “krisi global honek konponbide globalak eskatzen dituela, inor baztertu gabe”. Larrialdi honek agerian jarri du gure garapen-eredua aldatu beharra dugula, “jende asko uzten baitu alde batera”.
Aurten, Donostiako Zero Pobrezia plataformak, Zure txertoak ez nau babesten: osasun-eskubidea denontzat lelopean, txertoa lortzeko aukera desorekatuari buruz hausnartzera bultzatu nahi ditu herritarrak, eta hauxe aldarrikatzen du:
-Jabetza intelektualeko eskubideek, patenteak barne, ez dezatela oztopatu etorkizunean COVID-19ari aurre egiteko edozein txerto edo tratamendu eskuratzeko aukera. Era berean, har daitezela legezko neurriak, sendagaiak eta osasun-materiala bidezko prezioan eskuratu ahal izan daitezen.
-Inbertitu dadila osasunerako benetako eskubide unibertsalean, krisi honetatik ateratzeko irtenbideak bilatuz zorraren krisian eta eskasia fiskaleko egoeran, eta birpentsatu dadila egoera horretara eraman gaituen garapen-eredua.
-Ongizate kolektiboaren aldeko politika publikoak bultzatzearen alde egin dadila, eta politika horiek herritarren beharrak asetzeko diseinatuta egon daitezela eta mugarik gabe metatzearen panazeatik urrundu daitezela.
-Garapenerako lankidetzaren politika krisi honen irtenbidearen parte izan dadila.
Pobreziaren aurka pedalei eraginez
Nazioarteko egun hori dela eta, munduan egiten dira ekintzak. Estatuko Zero Pobrezia kanpaina mobilizaziorako dei horrekin bat egiten duen ekimena da, eta Euskadin 2005etik ari da ekintzak garatzen. Aipatutako leloarekin, Donostiako Zero Pobrezia Plataformak aldarrikapen-bizi martxa antolatu du iganderako, urriak 17. Donostiako Haizearen Orrazitik abiatuko da, 12:00etan, eta Boulevarderaino iritsiko da, Txita Sound System-ek girotuta. Gainera, urriaren 19an, asteartea, 19:30ean, Donostiako Kresala zine-klubean, zine forum bat egingo da La mujer del chatarrero filmarekin. “Gure munduak dituen erronka eta mehatxuen aurrean, ezin gara geldi egon, eta parte hartzera deitzen ditugu herritarrak”, diote. Aurten, Fuden-ek, Erizaintzaren Garapenerako Fundazioak, bat egin du plataformaren eskaerekin.