Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
Norbanakoen konpromisoak COVID-19aren ostean gizartea berreraikitzeko eta irtenbidearen parte izateko
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 12a. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 81 euskal GKE biltzen dituen sareak, plazaratu du Eraikuntza podcastaren laugarren eta azken atala. Guztira lau soinu-atal dira, eta egungo pandemiaren, ondorioei eta irtenbideei buruzko hainbat gai jorratzen dituzte.
“Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko”, azaldu du kolektiboak. Lan honen helburua da era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea, gure gizartea berriro sortzeko indarra izan dezagun. “Berreraikitze hori hainbat baliotan oinarrituko da, besteak beste, lankidetzan, sormenean, solidaritatean, konpromisoan eta denon ongizatean. Entzuten jakiteko eta ekarpenak egiteko unea da”, adierazi dute.
“Proposamen berritzaile honen bidez, hausnarketa bat sortu nahi dugu herritarrengan, pertsona bakoitza irtenbidearen parte izateaz, eta ekiten hasteko garrantziaz, nork bere aukeren arabera eta bere eremu indibidual eta toki-eremutik, kolektibora eta orokorrera iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute.} “Herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak sortzen lagundu nahi dugu, baita euren ordezkari politikoekin zorrotzak izango diren herritarrak ere, politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan”, argitu dute.
Berreraikitzea lau ataletan
Lehenengo atalak Zein mundu eraiki nahi dugu COVID-19aren krisiaren ostean? du izena eta pandemia amaitzen denerako herritarren amets eta nahiak biltzen dituen soinu-muntaketa atsegina da. Bigarren atala, Zer balio behar ditugu? du izenburutzat, eta bertan herritarrek egungo krisiaren osteko gizarte berriaren oinarria osatzen duten balioen errepasoa egiten du. Hirugarren emanaldia, Norekin berreraiki behar dugu gizartea? lelopean, erronka horretan inplikatua dauden aliantzak eta eragileak jorratzen dira haiekin indarrak batu ditzakegulako.
Berriki argitaratutako azken kapituluan, Eta zerekin konprometituko naiz ni? izenburua duena, jorratzen da gizabanakok har ditzakeen konpromisoak berreraikitze hori lortzeko. “Gure auzo eta herrietan sortutako aldaketa prozesuetan inplikatu behar dugu, tokian tokiko merkataritza eta dendak lagundu, negozio-eredu berriak eta giza eta ingurumen garapena erdian kokatu, zerbitzu publikoak defendatu, adinduak eta pertsona kalteberenak zaindu, enpatia elikatu eta konturatu behar dugu gutariko bakoitza gizartea eraldatzeko ezinbesteko erreminta dela”, diote zenbait ahotsek grabazioan.
“Gure inguruan grabatutako lekukotzak dira. Gure gizartearen aniztasuna islatzen dute, baina katarsi hori gizarte berri baten oinarriak finkatzeko baliatzeko beharra partekatzen dute. Garapen-eredu berri bat da, eta, bertan, hutsala eta azalekoa baztertu eta mundu hobea eraiki behar dugu, pertsona guztientzat eta leku guztietan, inor bazter utzi gabe”, baieztatu dute.
4 kapituloko Eraikuntza podcasta entzun daiteke Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean: https://cutt.ly/GhHVeed
Mundu osoa kolpatu duen pandemia
COVID-19ak mundu osoa kezkatu du, eta, kolektibo honen arabera, “azken urteetan pobrezia eta desberdinkeriak desagerrarazteko egin diren aurrerapenak geldiarazten ari da. Gainera, desberdinkeria eta prekarietate handiagoa sortzen ari da garapenerako euskal GKE-ek lan egiten duten pertsona eta herrialde kalteberenen artean, pandemiaren ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoek erakusten duten bezala”.
Adierazi dute COVID-19aren hedapena planetaren interkonexioen beste adibide bat dela, eta gogorarazi dute “pertsona erdigunean jarriko duten neurri globalak eta koordinatuak hartu behar direla erronka horri aurre egiteko”. Ildo horri jarraikiz, “lankidetza-politikak ezinbestekoak dira, larrialdi honetan inor atzean gera ez dadin. Osterantzean, irtenbidea ez da ez eraginkorra ez bidezkoa izango”.
Lan hunkigarri honekin, garapenerako euskal GKE-ek ekarpenak egin nahi dituzte “norbanakoaren konpromisoarekin eta konpromiso kolektiboarekin, bizi ditugun hainbat krisitatik errekuperatzeko (herrialde guztietan eta pertsona guztientzat). Espero dugu urte batzuk barru, gizarte gisa, pandemia honen zauriak berreraikitzen aktiboki parte hartu genuela esan ahal izatea, baita hain beharrezkoa den gizarte bidezkoago eta solidarioago honen egituraren parte izan ginela ere”, esan dute amaitzeko.