Dokumentazioa: Argitalpenak
Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Euskadiko enpresak nazioartekotzeko politika azterketa 2017-2019.

Garapenerako laguntza ofiziala beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Garapenaren arloan egiten diren ahaleginak alferrikakoak izango dira, baldin eta garapen-bidean dauden herrialdeen onurarako sinergiak sortzeko aukera baliatu beharrean beste politika batzuen eraginek ahuldu egiten badituzte edo kontraesanean badaude haiekin. Hala sortu da Garapenerako Politiken Koherentzia (GPK) deritzon printzipioa. Hain zuzen ere, horren bidez lortu nahi dena da gobernu jakin batek garapenerako lankidetzarako dituen politiken helburu eta emaitzetan ez dezatela eragin bestelako politika batzuek, gobernu horrenak berarenak eta Hegoalde globalean eragin zehatz bat dutenak.
Printzipio hori inplementatzea bermatzeko asmoz, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak honako hau esaten du 3.11 artikuluan: “Garapenerako lankidetzari lotutako jarduerak elkarrekin koherenteak izan daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek, eta beharrezko diren koordinazio-mekanismoak jarriko dituzte horretarako, hala beren artean nola beste administrazio publiko batzuekin, beste erakunde batzuekin eta nazioarteko lankidetza-agentzia eta ‑organismoekin”.
Horretarako, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, bere lehentasun estrategikoen artean onartuta GPKaren sustapena eta jarraipena egin beharra dagoela nazioarteko elkartasunean nahiz giza garapen jasangarrian oinarrituta, ikerketa bat argitaratu zuen 2017an, Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzerako politikaren analisia egiten zuena1 (Euskadiko GGKEen Koordinakundea 1988an sortu zen, garapenerako 79 GGKEk osatzen dute, eta denek ere elkarlanean dihardute jokabide-kode komun batekin, giza garapen jasangarria, bidezkoa eta berdinkidea lortzeko).
Enpresa-nazioartekotzerako euskal politikaren ikuspegi osoa edukitzearren, honako beste ikerketa honek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) foru-egituran ere sakontzen du eta Eusko Jaurlaritzak egindako ekintzen jarraipena egiten du, aurreko argitalpen hartatik bi urtera. Azken batean, ondorengo orrialde hauetan, herrialde-mailako politika zehatz horren ezaugarrien analisi kritikoa egiten da, eta zenbait gomendio ere ematen dira, politika hori koherentea izan dadin giza garapen ekitatiboa eta jasangarria lortzeko helburuekin. Gainera, kontuan hartzen du, beti, munduan pobrezia desagerrarazi beharra eta desberdinkeria guztiak gainditu beharra.
Paradoxikoki, COVID-19aren ondorioz erabateko shock ekonomiko eta soziala bizi dugun garai honetan eman da argitara ikerketa hau. Eta, hain zuzen ere, fenomeno horrek zalantzan jarri du, besteak beste, egungo eredu ekonomikoa, balio-kate globalen protagonismoan oinarritua. Izan ere, nazioartekotutako ekonomia horrek –merkatu berriak eskuratu nahian eta kanpo-inbertsioa lortu nahian dabilen ekonomia horrek– agertu du une kritiko hauetan ahultasun eta hegakortasun handiena.
Beraz, gaur egun estrategikoak diren eztabaidetan parte hartzeko une egokian iritsi zaigu ikerketa hau. Ekonomia birlokalizatzera eta zirkuitu laburrekoa bihurtzera jo behar genuke, bai ala ez? Egokia al da nazioartekotzean jartzea indarra, pandemia-egoeraz gain krisi ekologikoa bizi dugun garai honetan? Egon al daitezke enpresa-nazioartekotzearen barruan ongizateirizpideak, ingurumenekoak, generokoak eta giza eskubideen aldekoak?
Azken hori da dokumentu honetan mahai gainean jartzen dugun auzia, Euskal Autonomia Erkidegoko lau erakunde publiko nagusiek horretarako sustatzen duten politikaren analisia egitean. Hala, eta nahiz eta analisia 2017-2019 bitarteko epealdiari buruzkoa bakarrik den, iruditzen zaigu bertako ondorioak eta gomendioak erabat daudela gaur egun indarrean, eta, beraz, tresna baliagarriak izan daitezkeela COVID-19aren ondorioz halabeharrez egin beharreko eraldaketa sakonei heltzeko.
Eranskinak:
-Coherencia de políticas para un desarrollo humano sostenible. Análisis crítico de la política de internacionalización empresarial en Euskadi
-Coherencia de políticas para un desarrollo humano sostenible. Análisis crítico de la política de internacionalización empresarial de la Diputación Foral de Araba (2017-2019)
-Coherencia de políticas para un desarrollo humano sostenible. Análisis crítico de la política de internacionalización empresarial de la Diputación Foral de Bizkaia (2017-2019)
-Coherencia de políticas para un desarrollo humano sostenible. Análisis crítico de la política de internacionalización empresarial de la Diputación Foral de Gipuzkoa (2017-2019)
-Coherencia de políticas para un desarrollo humano sostenible. Análisis crítico de la política de internacionalización empresarial del Gobierno Vasco (2017-2019)