Dokumentazioa: Argitalpenak
Politiken eta Giza Garapen Iraunkorraren ikuspegiaren arteko koherentziaren azterketa. Proposamen metodologikoa

Mundu globalizatu batean bizi gara, dena dago elkarren artean lotuta, eta hainbat elementuk elkar eragiten dute. Orobat, indarrean den sistemak askotariko arazoak sortzen ditu: pobrezia, desorekak, giza eskubideen urraketak, eskubide sozialen murrizketak, ingurumen-arazoak, migrazio-krisiak, emakumeen bazterketa... Gaur egungo arazoak globalak dira, eta konponbideei ere globaltasun horretatik heldu behar zaie. Garapenaren agenda globalari erreparatuz gero, argi geratzen da Garapenerako Laguntza Ofiziala beharrezkoa dela, baina ez dela nahikoa. Horregatik nabarmentzen dugu Garapenerako Politiken Koherentzia (GpK). Euskadiko GGKEen Koordinakundearen arabera,
hauxe da koherentzia horren definizioa: lankidetzaren eragin positiboa hobetzearen aldeko ekintzen multzoak, guztiz ziurtatuz betiere gainerako politikak giza garapen ekitatibo eta iraunkorraren aldeko eta pobreziaren aurkako borrokan aintzat harturiko helburuen araberakoak direla, inolako esku-hartzek ez ditzan geldiarazi edo indargabetu lankidetzaren bidez lortutako aurrerapausoak.
Autonomia-erkidegoek, foru aldundiek eta tokiko gainerako erakundeek eskumen zabalak dituzte hainbat esparrutan, besteak beste, baita egoera ahulean dauden biztanleen gain eragina izan dezaketen politiketan ere. Beraz, gobernu deszentralizatuek herrialde bazkideen garapenari laguntzeko duten konpromiso gero eta handiagoa beteko badute, ezin dute lankidetza-programa eta –proiektuak sustatzera mugatu. Beren gobernuetako beste politikei ere begiratu behar diete, eta koherentzia (GpK) maila handia lortzen ahalegindu behar dute. Gobernu deszentralizatuak harreman-sare konplexu batean daude murgilduta gainerako gobernuekin (estatuetakoekin, nazioartekoekin...), bai eta garapenerako politiken koherentzia sustatzerakoan kontuan hartu beharreko gainerako eragileekin ere.
Horrela dio Lankidetzaren Garapenari buruzko 2007ko Legeak: “Garapenerako lankidetzari lotutako jarduerak elkarrekin koherenteak izan daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek, eta beharrezko diren koordinazio-mekanismoak jarriko dituzte horretarako hala beren artean, nola beste administrazio publiko batzuekin, beste erakunde batzuekin eta nazioarteko lankidetza-agentzia eta -organismoekin”.
Ezin dira ahaztu garapenaren nazioarteko agenda berria eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Iparra-Hegoa logika gainditzeko esparrua hezurmamitzen da horietan, eta koherentziaren ikuspegia gehitzen da; horren arabera, Iparraldeko eta Hegoaldeko gobernuek helburu jakin batzuk bete behar dituzte eta gobernuaren arlo guzti-guztiak bildu behar dituzte garapen iraunkorra lortzeko bide horretan.
Horretarako, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen lehentasun estrategikoetako bat da nazioarteko solidaritatean eta giza garapen iraunkorrean oinarritutako GpKari bultzada ematea. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da hainbat sektoretan euskal administrazio publikoen GpKren jarraipena egiteko sistema bat ezartzea, eta, hain zuzen, horretarako landu du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak txosten hau. Azterlanak hiru lurralde historikoetan eskumen-esparru horretan garatutako politika motak identifikatzen ditu, eta analisirako esparru bat proposatzen du, GpK osoaren ikuspegia oinarritzat harturik. Analisirako marko horrek emandako kategorien arabera ulertu ahal izango dugu zer den Giza Garapen Iraunkorraren (GGI) ikuspegiarekin koherentzia gordeko duten politikak garatzea.