Dokumentazioa: Barne dokumentuak
Sexu-jazarpeneko eta sexuan eta sexu-orientazioan oinarritutako jazarpeneko egoeretan prebentzioa lantzeko eta esku hartzeko protokoloa
Arrazoiak
2018an, komunikabideetan aireratu ziren GGKEetako zenbait kidek eragindako jazarpen, gehiegikeria eta sexu-erasoen inguruko hainbat eskandalu. Krisi-egoeran zeuden herrialdeetan lan egiten zuten GGKEetako kideak zeuden nahasita eskandalu haietan. Gertakari horiek agerian utzi zuten egitura patriarkalak gizarte-sektore guztietan daudela errotuta, eta guztietan gertatzen direla eta gerta daitezkeela indarkeria matxistaren adierazpen askotarikoak, salbuespenik gabe. Gertakari horiek inflexio-puntu bat ekarri zuten, eta, horren ondorioz, sektoreak kasu horiei aurre egiteko duen modua berrikusi behar izan genuen.
Hein handi batean gertakari horiek bultzatuta eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeko zenbait eremutan (Genero-lantaldean, adibidez) indarrean zen hausnarketa-prozesuak eraginda, zenbait ekimen landu ditugu sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren arloan, gure erakundeen barnean horrelako kasuak gertatzen direnean nola jokatu jakiteko. Protokolo hau onartuta, urrats bat aurrerago ere egin nahi dugu, eta erreferentziazko tresna bat sortu nahi dugu, prozedura bat arautu eta horrelako jokabideak direla eta zero tolerantzia agertuko duen lanabes eraginkor bat, hain zuzen ere.
Protokolo hau beste urrats bat da desoreka sozialeko egiturak esparru guztietara iristen direla onartzeko bidean. Hauek dira egitura horietako batzuk: sexuaren araberako lan-banaketa, soldata-arrakala, generoaren araberako bereizketa, hala horizontala nola bertikala, eta emakumeek jasaten duten lan-prekarietatea. Egiturazko adierazpide horietan oinarriturik sortzen dira gero pertsonen arteko indarkeriazko hainbat modu sinboliko, besteak beste emakumeen aurkako sexu-jazarpena. Egitura horiek, orobat, generoaren adierazpide ez-bitarrak mehatxatzen dituzte, eta pertsonak zapaltzen dituzte; beraz, ezinbestekoa da sexuan eta sexu-orientazioan oinarritutako jazarpen-adierazpenei aurre hartzea.
Euskal GGKEok bide luzea egin dugu garapenerako lankidetzan eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzan; genero-ikuspegia zehar-lerro gisa ezarri dugu, eta emakumeen ahalduntzearen aldeko apustu estrategikoa egin dugu, ez soilik gure jardun eta eginkizunetan, baita gure erakundeen barne-esparruan ere, ekitatearen aldeko ekintza-planak landuta.
Genero-ikuspegia izan da, hain zuzen, euskal lankidetzaren bereizgarri nagusietako bat, baina ezin dugu ahaztu sektore honetan lan egiten dugun pertsonak ere gizarte patriarkal bateko kide garela, eta, beraz, guk ere jokabide matxista izan ditzakegula eta portaera horiek erreproduzitzen ari gaitezkeela, hala gure erakundeen barnean nola tokian tokiko erakunde bazkideekin bat egiten dugun lanean.
Sexu-jazarpena eta sexuan eta sexu-orientazioan oinarritutako jazarpena lan-inguruneko indarkeria matxistaren adierazpenak dira, eta, beraz, pertsonen duintasunaren aurkako erasoak dira. Jazarpen horiek, orobat, arriskutsuak dira langileen osasunerako, eta, oro har, laneko arriskuen prebentzioan kontuan hartu beharreko faktorea dira; izan ere, jazarpen horiek bortxazko giroa sortzen dute lanean, lan-errendimenduan eragin kaltegarria dute eta, azken buruan, gure erakundeen misioari ere kalte egiten diote.
Euskadiko GGKEen Koordinakundea jabetzen da indarkeria matxistaren adierazpen horiek erabat kontraesankorrak direla lantzen ditugun printzipioei dagokienez, eta, horrenbestez, lehentasunezkoa da portaera horiek prebenitzeko, zigortzeko eta/edo desagerrarazteko bidean lagunduko duten tresnak sortzea.
Batez ere, sexu-jazarpena eta sexuan eta sexu-orientazioan oinarritutako jazarpena lantzea erabaki dugu, funtsean emakumeei eta sexua-generoa-sexualitatea sistema bitarraren aurka dauden pertsonei eragiten dieten arazoetan indar egiteko, eta sistema horri eusten dion botere-ardatza azaleratzeko; izan ere, botere-ardatz horrek indarkeria eta aurkako giroa sortzen ditu eta pertsonen adierazpen librea eta lan-garapena mugatzen du gure erakundeetan.
Horrek ez du esan nahi erakundeek, beren prebentzio-politikak ezartzean, indarkeria-modu horietara mugatu behar dutenik; beste gogoeta edo jarduera batzuk ere bultza ditzakete, indarkeria matxistaren adierazpen askotarikoei aurre egiteko. Halaber, batez ere jazarpen mota horiek jorratu arren, etorkizunean Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erakunderen batek edo Koordinakundeak berak protokolo hau berrikusi nahi badu indarkeria matxistaren beste adierazpen batzuei aurre egite aldera beharrezkoak izan daitezkeen prozedurak jasotzeko, aukera izango du horretarako. Bidea egiten hasi nahi dugu, urteen joanean deskribatutako arazo horri sendotasun handiagoz aurre egiteko.
Euskadiko GGKEen Koordinakundearen 2019ko urriaren 4ko Donostiako Batzar Nagusian onartutako dokumentua.