Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
Emakumeak protagonistak dituzten istorioek erakutsiko dituzte Gasteizek mundu globalizatu honetako beste toki batzuekin dituen loturak
Zer da Gasteiz, Senegal eta El Salvadorreko emakumeek amankomunean dutena? Berdintasuna lortzeko borrokak. Feminismoarentzat funtsezkoa izan den urte honetan, emakumeek Gasteiz konexioan ekimenaren eszenatokia hartuko dute bizi dituzten istorioak partekatzeko eta planetako beste tokietatik uste baino hurbilago gaudela frogatzeko. Era berean, lankidetzarako euskal politiken 30. urteurrena ere ospatzen da.
Gasteizen, 2018ko azaroaren 15ean. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan aritzen diren 79 euskal GKEz osatuta, Gasteiz konexioan sentsibilizazio ekitaldiaren hirugarren edizioa antolatu du azaroak 22 ostegunerako, 18:30etan Gasteizko Aldabeko Gizarte Etxean. Ekitaldia Begoña Beristan kazetariak aurkeztu eta moderatuko du eta Gasteizko Kultura Reggae Band taldeak zuzenean joko du.
Jarduera honen helburua mugak zabaltzea eta gure gizartea urruneko errealitateekin (batik bat garapenerako GKEek lan egiten duten herrialde pobretuenekin) lotzen duten hari, zenbaitetan ikusezin, horiek erakustea da. “Herrialdeen arteko konexio horiek direla eta, gure ekintza, jarrera eta ohiturek eragina dute gure ingurunetik haratago ere, urruneko herrialdeetan; eta alderantziz. Dena dago lotuta: arropa, elikadura, energia, klima-aldaketa, pobrezia, aberastasuna, desparekotasunak, eskubideak, aukerak... txanpon beraren bi aldeak dira. Esaterako, hartzen dugun kafeak Kolonbiako nekazari batekin lotzen gaitu; janzten dugun arropak Bangladesheko langile batekin; edo erabiltzen dugun teknologiak Kongoko emakume batekin”, adierazten du talde antolatzaileak.
Aurtengo edizioaren ildo nagusia emakumeengatik eta emakumeentzako konektatzen diren istorioak izango dira.