Dokumentazioa: Barne dokumentuak
Diru-laguntzen oinarri orokorren eta deialdi publikoen irizpideak

Landu dugu dokumentu hau, tokiko erakundeek gida moduan balia dezaten, nazioarteko lankidetzaren eta eraldaketa sozialerako hezkuntzaren esparruetan GGKEentzako diru-laguntzen deialdi espezifikoen bidez beren lankidetza bideratzerakoan. Hala, erakundeen eta GGKEen arteko harremanak erraztea da gida honen asmoa. Azken helburua, beraz, bi aldeek elkar ezagutzea eta administrazio-kudeaketan garapen-prozesuen ezaugarri bereziak kontuan hartzea da.
Gure irudiko, lankidetza-jarduerak eta eraldaketa sozialerako hezkuntza-jarduerak gauzatzeko tresna guztiek gutxieneko irizpide batzuk izan behar dituzte kontuan, eta, orobat, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbait alderdi ezin direla administrazio publiko guztietara orokortu; izan ere, batzuetan eta besteetan neurriak eta baliabideak (giza baliabideak eta aurrekontuei loturikoak) oso desberdinak dira. Kasu guztietan, beharrezkoa iruditzen zaigu azpimarratzea zeinen garrantzitsua den administrazioek baliabide nahikoa eta zeregin hauetarako prestatua izatea, kudeatutako tresnen bolumenaren eta konplexutasunaren arabera. Neurri txikiagoko erakundeek, berriz, modu bateratuan egin dezakete kudeaketa hori.
Horrenbestez, gida malgua da honako hau, garapenerako lankidetza oso heterogeneoa delako eta erakunde batzuen eta besteen berezitasunak ere askotarikoak direlako, eta horrek hainbat zailtasun sortzen dituelako. Hau da, orientabidea ematea da gidaren xedea, eta gutxieneko batzuk ezartzea, kasuan kasu izan daitezkeen egoera eta zirkunstantzietara egokitu daitezkeen zenbait gutxieneko.