Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
E. Jaurlaritzak lanarekin, ekologiarekin eta giza eskubideekin lotutako irizpideak erabiliko balitu enpresa-nazioartekotzeko politiketan, Euskadi kanpo-ekintzako politiketan erreferentzia izango litza
Bilbo, 2017ko irailaren 26. Pobrezia, desberdintasunak, giza eskubideen urraketa, gizarte-eskubideen murrizketak, ingurumen-egoera, migrazio-krisiak, emakumeen diskriminazioa… egungo mundu globalizatuko zenbait arazo dira, eta, beraz, konponbide globalak izan behar dituzte. Garapenerako lankidetzaren bidez, pobretutako herrialdeetan pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazten laguntzen dute erakunde publikoek, hezkuntzan, osasungintzan eta gosearen kontrako borrokan, besteak beste.
Gobernu baten ekintzek helburu hau ere izan behar dute: lankidetzaren eragina hobetzea. Gobernuek ziurtatu egin behar dute politika guztiak bat datozela giza garapen zuzen eta iraunkorreko helburuekin, eta pobreziaren eta desberdintasunen kontrako borrokarekin, esku-hartze batek ere lankidetzaren bidez lortutako aurrerapenak gelditu edo bertan behera utz ez ditzan.
Garapenerako lankidetzari buruzko Euskadiko Legeak honela dio:“Garapenerako lankidetzari lotutako jarduerak elkarrekin koherenteak izan daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek, eta beharrezko diren koordinazio-mekanismoak jarriko dituzte horretarako hala beren artean, nola beste administrazio publiko batzuekin, beste erakunde batzuekin eta nazioarteko lankidetza agentzia eta organismoekin”. Gainera, 2016an, Urkullu lehendakariak berak Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparrua dokumentua aurkeztu zuen. Dokumentu horrek argi eta garbi adierazten du Eusko Jaurlaritzak giza garapenaren eta iraunkortasunaren aldeko konpromisoa duela bere gobernu-ekintzarako zein kanpo-ekintzarako.
Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzeko politikaren ikuspegia, printzipioak eta hartan diharduten eragile eta tresnak ezagutzeko, eta giza garapen iraunkorrarekiko zer koherentzia duten ebaluatzeko, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan jarduten duten Euskadiko 80 GKEk osatuak, lehenengo ikerketa hau sustatu du: Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzeko politikaren analisia:garapenerako politiken koherentzia. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiarekin (Paz con Dignidad-OMAL) batera egin du.