Dokumentazioa: Prentsa oharrak eta jakinarazpenak
“Gong” erraldoi baten doinura, 7 eskaera alderdi politikoei foru eta udal hauteskundeetan Euskadiko lankidetza defenda dezaten
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzak. 7. Nazioarteko lankidetzan diharduten 83 euskal GKEk osatutako Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak salatu egin ditu azken urteotan lankidetzako euskal politikek jasan dituzten murrizketa handiak, Euskadi erreferente bihurtu duen lana goitik behera hondatzen ari direnak eta lankidetzako euskal politiken hondamendia ekarri dutenak. Egoera dramatikoena Araban bizi da, non, adibidez, legegintzaldi honetan Gasteizko Udalak erabat suntsitu baititu lankidetzako politikak.
Gong indartsu bat entzutean, eskubide sozialak murrizten dituen klase politikoa irudikatzen duen pertsonaia batek lurrera erorarazten du pertsona bat, elkartasunari esker aurrera egiteko aukera duten guztiak ordezkatzen dituena. Lurrean dagoela, lapur batek bere ondasunak osten dizkio, hain zuzen ere herrialde pobretuei gertatzen zaien bezala. "Euskaditik orain arte bultzatu den nazioarteko lankidetzari esker herrialde pobretuetako milaka pertsonen bizi baldintzak hobetu egin dira hezkuntzan, osasunean, gizon-emakumeen arteko berdintasunean, gai publikoetako parte-hartzean, edateko ura eta saneamendu sistemak edukitzeko azpiegituretan eta beste hainbat arlotan, baina orain, lankidetza arloko murrizketak direla medio, pertsona horiek guztiak alde batera geratuko dira. Kaltetuak izaten ari dira baita ere mundu justuago bat lortzeko euskal herritarrak kontzientziatzeko gure inguruan abiatzen diren ekimenak eta hiritar kritikoak eta nazioarteko justiziarekin eta giza-eskubideekin konprometituak sortzeko egiten diren ekintzak”, azpimarratu dute.
Bestalde, Gasteizko ekintza honetan maiatzaren 24ko foru eta udal hauteskundeen testuinguruan garapenerako euskal GKEek lankidetzako politikak hobetzeko alderdi politikoei eskatzen dizkieten 7 konpromisoak ezagutzera eman dira.