Zero Pobrezia Kanpaina (2005)
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Estatuko GGKEeen Koordinakundeak (CONGDE) eta AUTONOMI ERKIDEGOETAKO KOORDINAKUNDE FEDERATUETAN federatutako 400 GGKE baino gehiagok,
100 herrialde baino gehiagotako gizarte erakundeen eta mugimenduen arteko koordinazio estuan, “pobreziaren kontra borrokatzeko Deialdi Bateratua” egin dugu 2005.urtean, eta
GURE AHOTSAK BATUZ ONDOKOA ADIERAZTEN DUGU:
Mundu honetan ezin justifikatuzkoak dira pobrezia eta desberdintasuna. Azken hamarkadotan ahalegin handiak egin badira ere, aberatsen eta txiroen arteko zuloa handitu egin da. 3.000 milioi pertsona baino gehiagok ez dute bizimodu duinik, pobrezian bizi direlako hain zuzen ere. Gosea, HIESa, analfabetismoa, emakumeen eta nesken kontrako diskriminazioa, naturaren kontrako erasoak, gatazkengatiko desplazamendu masiboak eta nazioarteko aberastasunaren banaketa bidegabearen ondoriozko migrazioak arazo berberaren alderdi desberdinak dira, alegia: planetako herritarrik gehienek pairatzen duten injustizia.
PLANETAko garapen iraunkorra guztiz mehatxaturik dago munduko herritarren bostenak axolagabeki kontsumitzen duelako, eta beraz, naturako baliabideak neurriz kanpo ustiatzen dituztelako.
DESBERDINTASUNa eta pobrezia dago munduan, baina gizakiok gure jarduera politiko eta ekonomikoa antolatzen ez dakigulako sortu da desberdintasun eta pobrezia hori. Izan ere, nazioarteko merkataritza bidegabeak eta finantza espekulazioak ekonomia boteretsuenak lehenesten dituzte, kanpo zorra itogarria eta bidegabea da herrialde pobretu askorentzat eta koordinaziorik gabeko nazioarteko laguntza sistema eskas bat baino ez dugu. Horrek guztiak jasanezin egiten du egoera.
NAZIOARTEKO Garapen politiken, Giza Garapen Iraunkorraren eta Ondasun Publiko Globalen eragingarritasuna lortu nahi badugu, gobernantza demokratiko eta partehartzailea behar dugu.
AZKEN urteotako ekonomi hazkunde izugarriak ez du balio izan giza eskubideak bermatzeko, ez eta munduko eskualde eta pertsona guztien bizi baldintzak hobetzeko, edozein delarik ere pertsonon izaera, generoa, arraza edo kultura. Aitzitik, neurriz kanpo handitu dira desberdintasun eta bidegabekeria. Bakerako bidea urratzeko, ezinbestekoa da pobreziaren eta ekitate ezaren aurka borrokatzea.
POBREZIAREN kontra borrokatzeko, pertsonen bazterkeriaren aurka egin behar da; pertsonen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aldeztu behar dira, hau da, babesaren, lan duinaren, errentaren, osasunaren eta hezkuntzaren alde borrokatu behar da; boterea, ahotsa, bizitzeko baliabideak eta berdintasun baldintzak ahalbidetu behar dira. Konpromiso ezin utzizkoa eta atzeraezina da: gizarte osoak lorpen horien erantzule behar du izan.
HORI GUZTIA DELA ETA, Milurtekoaren Garapen Helburuak betetze aldera, bat egiten dugu 2000. urtean Nazio Batuen Milurtekoaren Adierazpena sinatu zuten gobernu eta estatuek hartutako konpromisoarekin, gosetea eta pobrezia ezabatzeko lehenengo urratsa izan baitaiteke. Pobreziaren kontra borrokatzeko deialdi globala.
HAUXE ESKATZEN DUGU:
- LAGUNTZA OFIZIAL GEHIAGO garapenerako, hau da, lehentasuna ematea oinarrizko gizarte sektoreei, %0,7ko konpromisora heldu arte.
- LAGUNTZA HOBEA herri pobreenentzat, merkataritza interesetatik kanpo eta Milurtekoaren helburuekin bat etorrita.
- KOHERENTZIA GEHIAGO gure gobernu politiken artean, politika guztiak pobrezia ezabatzera bidera daitezen.
- ORDAINDU EZINEKO ZORRA BARKATZEA: herri aberatsek, Mundu Bankuak eta NMFk herri txiroenen zorraren %100 barkatu behar dute.
- ZORRA GARAPENAREN TRUK: herri txirotuen zorra barkatzea eta baliabideak Milurtekoaren Helburuak lortzera bideratzea.
- NAZIOARTEKO MERKATARITZAREN ARAUAK ALDATZEA, oraingoak herri aberatsen eta euren negozioen aldekoak direlako, eta ez dietelako aukerarik ematen herri txirotuen gobernuei pobreziaren aurka borrokatzeko ez eta ingurumena babesteko.
- LAGUNTZA BATZUK EZABATZEA, herri aberatsen produktuak produkzio kostua baino merkeago esporta ez daitezen, herri txirotuen nekazaritza erkidegoen bizimodua hondatzen dutelako.
- ZERBITZU PUBLIKOAK liberalizazio eta pribatizaziotik BABESTEA, elikatzeko eskubidea, edateko ura eta oinarrizko botikak bermatze aldera.
- TEKNOLOGIARAKO SARBIDEA garapen txikiagoa duten herrialdeentzat, teknologiaren abantailez balia daitezen.