Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna (2020)
Urriaren 17an Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Donostiako Zero Pobrezia plataformak, hiriko 21 erakunde eta mugimendu sozial biltzen dituenak, beste urte batez bat egin du nazioarte mailako mobilizazio-deialdiarekin.
COVID-19ak mundua estutasunean jarri du, eta, pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan aurrerapenak geldiarazten ari da. Halaber, pandemia honen ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoek erakutsi dute areagotu egiten dituela pertsona eta herri ahulenen desberdintasunak eta prekarietatea. Oxfam Intermón-en arabera, COVID-19aren ondorioz, munduko biztanleria pobrearen kopuruak 500 milioi egin dezake gora, eta Euskadin 15.500 pertsona gehiago utziko ditu pobrezia-egoeran.
Era berean, COVID-19aren hedapenak argi erakusten du, besteak beste, planeta zeinen lotuta dagoen, eta, erronka horri aurre egiteko, neurri globalak eta koordinatuak hartu behar direla, pertsonak erdigunean jarrita. Mundu-mailako krisi honetarako, inor atzean uzten ez duten mundu-mailako irtenbideak behar dira, eta, larrialdi honen eraginez, are eta beharrezkoagoa da hainbeste pertsona baztertzen dituen garapen-eredua aldatzea.
"Beste mundu bat beharrezkoa eta posiblea da: desberdintasunak ezabatu!" lelopean, bizi-eredu berriak lortu nahi ditugu, hau da, aberastasunaren bidezko banaketa egiten duten eredu berriak, ingurumena errespetatzen dutenak, genero-berdintasunaren alde eta pertsona guztientzako bizitza duinaren alde egiten dutenak.
Aurkezpen prentsa-oharra
Kale ekintzaren prentsa-oharra
Donostiako Zero Pobrezia Plataformako 15. urteurrenaren bideoa:
Sareen Sareako Nazioarteko Pobreziaren aurkako Egunaren bideoa: