Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna (2009)
Joan den 2009ko urriaren 17an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara eta krisi global honen erdian, Euskadiko hainbat organizazio, elkarte, sindikatu eta kolektibok dei egin genion euskal gizarteari mobiliza zedin, gizartean eta munduan pobrezia eta bazterkeria sortzen duen neoliberalismoa salatu zezan eta eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde egin zezan.
Deialdiak egin ziren Irun, Arrasate, Zarautz, Eibar, Errenteria, Agurain, Laudio, Mundaka, Bilbo, Donostia eta Gasteizen, jendea parte hartzera eta mobilizatzera animatuz eta hainbat jarduera eskainiz. Arcadi Olivares, Mertxe Larrañaga edo Javier Gómezek hitzaldiak eman zituzten, hausnarketa eta eztabaidarako zine-forum bat antolatu zen eta errebindikaziorako jarduera informatzaileak ere egin ziren: bizikleta-martxa, bertso-saioa, manifestazioak, kontzentrazioak, baraua, erakusketak, eta abar.
Krisi globalaren erdian ospatu genuen egun hori, krisialdiak argi erakusten duelako sistema ekonomiko neoliberala kontrol politiko eta hiritar orotik kanpo dagoela; ekonomi, elikagai eta ingurumen krisi honek elite bati baino ez dio mesede egiten, kaltegarria baita gehiengo sozialentzat. Orduan esan genuen bezala, krisiak argi erakutsi digu “hauxe dela etorkizun eta mundu justuago eta solidarioago bat eraikitzeko momentua, mundu bat non ekonomia bitartekoa izango baita eta ez helburua”.
Gero eta hurbilago dago Garapenerako Milurteko Helburuak betetzeko mugaeguna (2015ean alegia) eta oraindik helmuga horietatik oso urrun gaude. Gainera, krisia aitzakia ederra bihurtu da gobernuek herrien garapena sustatu eta batzuen eta besteen arteko aldeak murrizteko hartu zituzten konpromisoak ahazteko.
Nazio Batuen Garapenerako Milurteko Helburuen 2009ko Txostenaren arabera, 90eko hamarkadaz geroztik gosea ezabatzeko egin ziren aurrerapenak -gose diren pertsonen proportzioa %20tik (1990-1992an) %16raino jaitsi zen (2004-2006an)- bertan behera geratu ziren 2008an, elikagaiak garestitu zirelako batik bat. 2009an pobrezia gorrian biziko diren pertsonak krisiaren aurretik aurreikusi zena baino 55-90 milioi gehiago izango omen dira.
Lehen aldiz gizateriaren historian, 1.000 milioi pertsona baino gehiago gosez biziko dira 2009an eta egunean bost urtetik beherako 25.000 haur hilko dira prebenitu daitezkeen gaixotasunek jota. Kopuruek ez dute behar luketen erritmoan aurreratzen, kontrara, atzerapen handiak gertatu dira, bereziki Sahara azpiko Afrikan eta Latinoamerikan, non ezberdintasunak handitu egin baitira. Gure gizarteetan ere, pobrezia eta gizarte bazterkeriako egoerak etengabe ari dira hazten, nahiz eta ez garen iritsi beste toki batzuetako egoera dramatikoetara.
Beharrezko baliabideak ditugu pobreziarekin eta aberastasunaren bidegabeko banaketarekin amaitzeko. Baina borondate politikoa behar da bidegabeko sistema ekonomiko inmoral honi alternatibak bilatzeko.
Aipatutako horiek ez dira Pobreziaren aurka antolatu diren hitzordu bakarrak. Hainbat plataformek eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak beste ekintza batzuk antolatu dituzte urte osoan zehar: prestakuntza ikastaroak, mintzaldiak, mobilizazioak edo “Geldi eta ekin” bezalako ekimen originalak, besteak beste.
Zuk asko egin dezakezu, mundu osoko pertsona, mugimendu eta elkarteekin bat eginda... Ez dago krisi txarragorik itxaropen eta mobilizaziorik eza baino. Zure eta gure esku dago bidezkoagoa eta solidarioagoa den mundu eta etorkizun bat eraikitzea.
Arabako kartela
Arabako manifestua
Arabako ekimenen argazkiak
Bizkaiko kartela
Bizkaiko manifestua
Bizkaiko ekimenen argazkiak
Gipuzkoako kartela
Gipuzkoako manifestua
Gipuzkoako ekimenen argazkiak