Euskadiko GGKEen Koordinakundeak datozen bost urteetako erronka estrategikoei buruzko hausnarketa egingo du Arantzazun

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko azken Batzar Orokorra (ezohikoa), 2025eko abenduaren 4an Bilbon.

Otsailaren 26an, ostegunean, 2022-2030 Plan Estrategikoari buruzko hausnarketa jardunaldi bat egingo du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, plangintzaren indarraldiko hurrengo bosturtekoari ekiteko.

2022-2030 Plan Estrategikoa Ezohiko Batzar Orokorrean onartu zen 2022ko martxoaren 10ean, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen barne (lantaldeetan eta GGKE bazkideekin) zein kanpo (euskal erakunde publiko nagusiekin) eremuetan egindako partaidetza-prozesu zabal baten emaitza da. Duela lau urte inguru amaitutako prozesu kolektibo horretatik sortu zen 2022tik 2030era bitarteko bederatzi ekitaldietarako ibilbide-orria.

Plangintzak hiru erronka estrategiko eta hamabi helburu zehatz ezartzen ditu. Eta, plan estrategiko baten helburua, hain zuzen ere, epe luzerako helburuak finkatzea eta horietarantz aurrera egitea bada ere, etengabe aldatzen ari den mundu batean bizi gara; azken urteotan, gainera, nazioarteko zuzenbidean atzerakada handiak izan dira, maila globalean demokrazia ahuldu egin da, eta nazioarteko lankidetzaren esparruan murrizketak izan dira.

Egitaraua

Horregatik, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak hausnarketa jardunaldi bat planteatu du otsailaren 26rako (osteguna), Arantzazuko Santutegian (Oñati, Gipuzkoa), behin-behineko egitarau hau ardatz hartuta:

  • 09:30-11:10 Ebaluazioa. Lantaldeetan aldez aurretik landutako ekarpenekin, Plangintzaren ebaluazio ariketa bat egingo dugu.
  • 11:10-11:30 Kafea
  • 11:30-14:15 Testuinguruari buruzko saioa. Ecoper-ek Lankidetza deszentralizatua, aktibismo globala eta giza eskubideak azterlanaren aurrerapenak aurkeztuko dizkigu, gizarte zibileko entitateetan eta gure lankidetza-eredua ezartzeko gero eta konplexuagoak diren testuinguruetan fokua jarriz (25 minutuko aurkezpena eta, ondoren, elkarrizketarako espazioa).
  • 14:30-16:00 Bazkaria
  • 16:00-16:30 Goizeko ondorioen bilduma eta laburpena
  • 16:30 Esperientzien mahaia, entitateetan gertatzen ari diren eraldaketa-prozesuen inguruan
  • 17:30 Osoko bilkura
  • 18:00 Ondorioak

Euskadiko GGKEen Koordinakundetik jardunaldian parte hartzera animatu nahi zaituztegu, orain arte egindako bidea kolektiboki ebaluatzeko eta, batez ere, datozen bost urteetako erronka estrategikoei guztion artean aurre egiteko.

Parte-hartze prozesuari buruzko xehetasunak bezala, jardunaldian izena emateko argibideak Koordinakundearen ohiko barne-kanalen bidez helaraziko zaizkie erakundeei. Dena den, coordinadora@ongdeuskadi.org helbidera ere idatz dezakezu, izena emateko edo edozein zalantza argitzeko.

Animatu eta parte hartu!

ENTRADAS RELACIONADAS

Badator erakunde barneko Genero Jardunaldien hamargarren edizioa

Abenduaren 11n Bilborocken izango da Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta eLankidetzak urtero antolatzen dituzten genero jardunaldien X. edizioa. Maialen Ferreira kazetariak moderatutako solasaldi batean bilduko dira Klaudia Ugarte, Patricia Simon eta Suha Al Najjar.

Utzi erantzun bat