HASIERA: martxoa 11, 2026
BUKAERA: martxoa 11, 2026
NON: Teila Fabrika - Iruresoro Pasabidea 2/4, Egia (Donostia)
ORDUTEGIA: 10:00-14:00

Nazioarteko Bake Brigaden gonbidapena, komunikatzaileekin eta lurraren eta lurraldearen defendatzaileekin egindako bira baten testuinguruan.
«Informazioa emateko ahalmena duenak, ondorioz, errealitatea taxutzeko boterea du»
[Laster testua euskaraz]
Komunikazioa giza eskubideen defendatzaileak babesteko tresna estrategikoa da. Defendatzaileen lanari buruz informatzeko modua, bada, lagungarria izan daiteke beren borroka indartzeko eta babes-sarea zabaltzeko; baina arriskuak ere eragin ditzake, ez badugu kontuan hartzen pertsona horiek jasaten duten kriminalizazioa, estigmatizazioa eta indarkeria. Hortaz, funtsezkoa da komunikazio arloko profesionalak tartean sartzea, defendatzaileei buruz komunikatzeak zer ondorio dituen uler dezaten. Izan ere, kontua ez da lekukotzak eta salaketak zabaltzea bakarrik; erabiltzen dugun ikuspegiak, hizkerak edo esposizio publikoak beren segurtasunean izan ditzakeen ondorioak ere kontuz aztertu beharra dago. Beraz, gure komunikazio jardueran babeseko, baimen informatuko, genero ikuspegiko eta intersekzionalitateko irizpideak txertatzea ezinbestekoa da, defendatzaileei ematen diegun agerikotasuna beraiek babesteko lagungarria izan dadin.
Aldi berean, babes integrala bermatzeko, komunikazioa funtsezko eraldaketa-eremu gisa ulertu behar dugu. Baina desberdinkeria eta gorroto-diskurtsoak normalizatzen dituzten eta giza eskubideen nazioarteko araudiak kolokan jartzen dituzten narratiben nagusitasunaren ondorioz, ikuspegi kritiko batetik komunikatzea gero eta zailagoa da. Hala, agertoki horretan ezinbesteko bihurtzen da kontakizun alternatiboak sortzea, eskubideak babestearen legitimitatea indartzeko, iritzi publikoan eragiteko eta, azken batean, inguru seguruagoak sortzeko. PBIn, komunikazio eraldatzaile baten alde egiten dugu, salatzeari eta eragiteari uko egi gabe. Komunikazio horrek segurtasun eta zaintza gomendioak integratu, inpaktu negatiboak minimizatu eta eta giza eskubideen defendatzaileak testuinguru gero eta arriskutsuago horietan babesten lagundu behar du.
Eztabaida-foroak, bada, bi eremu izango ditu: batetik, «Babesteko komunikazioa, lurraldeetatik eta erbestetik» eta, bestetik, «Posible da arriskuak eta inpaktuak eragin gabe komunikatzea? Erakunde eta komunikatzaile aliatuez harago». Gonbidatu bereziak izango ditugu eztabaida sustatzeko. Eremu horietan, bada, lurra defendatzeko esperientzia batzuk ezagutuko ditugu, hain zuzen ere, komunikazio alternatiboa, feminista eta komunitarioa prozesuaren funtsezko ardatz izan dutenak. Hala, komunikazioak defendatzaileentzat izan dituen inpaktuak aztertuko ditugu, bai beren komunitateetan eta bai erbestean ere. Amaitzeko, giza eskubideen defendatzaileak babesteaz arduratzen den komunikazio baterako zaintza jardunbideen eta estrategien dekalogo bat osatzeko erabiliko ditugu bertan sortutako hausnarketak, erakundeei eta hedabideei zuzendua. Prozesuarekin jarraitzeko, maiatzean hiru web-mintegi antolatuko ditugu, eta horietan egindako ekarpenak ere jasoko ditugu.
Komunikazioak giza eskubideen defendatzaileak babesten laguntzeko ahalmen handia du, baina haien arrisku-egoera larriagotu dezake ere (maiz, nahi gabe). Defendatzaileok, erakundeok eta komunikatzaileok elkarrekin hausnartuko dugu. Horretarako, eskubideak eta lurraldeak babesten dituzten pertsona, erakunde eta komunitate defendatzaileei buruzko komunikazioaren erronkak, arrakastak eta hutsegiteak aztertuko ditugu.
Komunikatzen dugun informazioak gutariko bakoitza zeharkatzen duen isuria adierazten du. Ez dago errezeta magikorik, ñabardura eta galdera asko baizik, baina errealitatea konplexua dela ulertu behar dugu. Patricia Simonen esanetan, ñabardurak berreskuratzeko premia dugu, errealitateari ikuspegi periferiko batetik begiratzeko, eta errealitatea bere konplexutasunetik ulertzeko eta arazo gisa lantzeko gai diren kontakizunak bilatzeko.
EGITARAUA
10:00-11:30 Babesteko komunikazioa, lurraldeetatik eta erbestetik
- Miryam Vargas, nahua indigena eta komunikatzailea, Radio Cholollan irrati komunitarioko esataria, giza eskubideen defendatzailea eta Frente de Pueblos en Defensa de la Tierra y el Agua – Morelos, Puebla y Tlaxcala (FPDTA-MPT) erakundeko kidea. Mexiko
- Gabriela Sorto, Guapinol komunitateko komunikatzailea eta COPA erakundeko kidea. Honduras
- Herri indigenen defendatzailea. Nikaragua
- Dalila Argueta, defendatzaile erbesteratua. Red Nacional de Defensoras de Derechos Humanos de Honduras eta Iniciativa Mesoamericana de Mujeres Defensoras (IM-D) erakundeetako kidea
- Fatma Galia, Emakume Sahararren Batasun Nazionaleko kidea eta Europako Kazetari eta Idazle Sahararren Ligako presidentea. Mendebaldeko Sahara
11:30-12:15 Posible da arriskuak eta inpaktuak eragin gabe komunikatzea? Erakunde eta komunikatzaile aliatuez harago
- Nazioarteko Bake Brigadak (PBI)
- Zehar-Errefuxiatuekin
12:15-12:45 Hamaiketakoa
12:45-14:00 Babesteaz arduratzen den komunikazio baterako zaintza jardunbideen eta estrategien dekalogoa
IZEN-EMATEA: euskalherria@pbi-ee.org
