Kolonbiako giza eskubideen egoerari jarraipena egiteko euskal ordezkaritzaren adierazpena

Bilera Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Kolonbiako Bulegoko ordezkariekin.
  • Kolonbiako Euskal Ordezkaritzak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak gatazka armatuaren degradazioaz ohartarazi eta bakearen eta giza eskubideen aldeko konpromisoa berretsi dute.
  • Urtarrilaren 22tik 31ra bitartean egindako bisitan, NARE programako giza eskubideen defendatzaileek ohartarazi dute Kolonbian indarkeriaren arriskua areagotu eta gogortu egin dela.

Bogotá, 2026ko urtarrilaren 30ean

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta giza eskubideen eta lankidetzarako euskal erakundeek osatutako Euskal Ordezkaritzak Kolonbia bisitatu du urtarrilaren 22tik 30era, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen egoeraren jarraipena egiteko. Bisita honen helburua Euskadin urte ezberdinetan jasotako pertsonen egoera pertsonalaren eta kolektiboaren jarraipena egitea, eta EAEko erakundeek eta instituzioek giza eskubideen aldeko prozesuetan duten laguntza ikusaraztea da.

Euskal Ordezkaritza Asociación Campesina para el Desarrollo Rural (ACADER), Asociación de Desplazados y Mujeres de Antioquia (ADMA), Awá Herriko Emakume eta Familien Saila, Consejo Regional Indígena del Cauca (CRIC) eta Comisión Intereclesial de Justicia y Paz (CIJP) elkarteekin bildu da. Erakunde horietako kide dira NARE programan parte hartu duten hainbat pertsona. Halaber, beste erakunde batzuekin ere bildu da, hala nola Centro de Investigación y Educación Popular (CINEP), Emakume Bilatzaileen Sarearekin, Aburrá Haraneko Biktimen Mahaiarekin, Vivamos Humanos eta Caucako Bizitzaren eta Giza Eskubideen aldeko Sarearekin.

Bilera horien ondoren, nazioarteko erakundeekin, kidego diplomatiko eta herrialdeko herri, eskualdeko edo nazio mailako erakundeekin agenda bat garatu da, eta lurraldeetan jasotako eskaera, kezka eta proposamen nagusiak helarazi zaizkie. Medellinen, Ordezkaritzak bilera bat izan zuen bertako Alkatetzaren Bake eta Giza Eskubideen Idazkaritzarekin, Pertsoneriarekin, Unidad de Búsqueda de Personas Dadas por Desaparecidas-en (UBPD) Antioquiarako lurralde-loturarekin, Jurisdicción Especial

para la Paz-en (JEP) Antioquiako lurralde-bulegoarekin eta NBEren Egiaztatze Misioarekin. Bogotan elkarrizketa-guneak izan ziren Barne Ministerioko Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin, Unidad Nacional de Protección-ekin (UNP), Defentsoriarekin, Unidad de Restitución de Tierras-ekin (URT), Unidad de Búsqueda de Personas Dadas por Desaparecidas-ekin (UBPD), Jurisdicción Especial para la Paz – ekin (JEP), Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoarekin (OACNUDH), Espainiako Enbaxadarekin eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin (AECID).

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak eta eLankidetza-Euskal Lankidetza eta Elkartasunerako Agentziak, Eusko Legebiltzarrak, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Alboan Fundazioak, Bakearen aldeko Mugimenduak (MDPL) eta Zehar-Errefuxiatuekin osatutako Euskal Ordezkaritzak eskerrak eman nahi dizkie guztiei egin zaigun harreragatik.

ERRESPETUA, BABESA ETA ELKARTASUNA adierazten diegu Kolonbiako gizarte- mugimenduari, biktimen eta giza eskubideen erakundeei, hiri-sektoreei, nekazari- komunitateei, herri indigenei eta herri beltzari.

Aitortzen dugu giza eskubideen, bizitza duinaren, lurraren eta lurraldearen defentsa legitimoarekin duten konpromiso politiko eta soziala, bai eta erresistentziarako eta erresilientziarako gaitasuna ere, eta justizia soziala, ingurumenekoa eta generokoa izango duen herrialde baketsu bat eraikitzearen aldeko haien apustua.

Giza eskubideen defentsa eta bakearen eraikuntza bermatzeko Kolonbiako Estatuaren egitura instituzionala eta arau-esparrua ere aitortzen dugu, baita egungo Gobernuak gehiengo sozialen kontrako indarkeria eta ezberdintasun historikoak gainditzeko duen borondatea eta konpromisoa ere. Hala ere, aurrerapenak gauzatzeko zailtasunak daudela egiaztatu dugu. Herrialdearen egoera erronka bat da bizitza duina prebenitu, babestu eta defendatzeari dagokionez.

Esparru horretan, gure KEZKA adierazi nahi dugu:
  • Gatazkaren tamaina eta giza eskubideen defentsarako bermerik ezak, erakundeen erantzuna ez-nahiko egiten duelako eta Estatuaren presentzia lurraldeetan mugatua izaten jarraitzen duelako.
  • Giza eskubideen defendatzaileen, komunitateen, erakundeen eta kolektiboen aurka egindako indarkeriagatik.
  • Eragile armatu ugari egoteak eta hauek lurraldeetan duten kontrol sozial, politiko eta ekonomikoa izateagatik burutzen dituzten borrokek gatazka armatuaren degradazioa eragin dute, eta horrek inpaktu larriak eragin ditu komunitateetan, hala nola:
    • Jokabide-arauak, konfinamenduak eta mugikortasuna debekatzea, haien bizi-baliabideak eragotziz.
    • Toki-erakundeen eta lidergo sozialen kooptazioa.
    • “Gizarte-politikak” hedatzea, herritarrak harenganatzeko.
    • Legez kanpoko ekonomiak ugaritzea; besteak beste, legez kanpoko meatzaritza eta landaketak.
    • Teknologia berriak erabiltzea gerra-arma gisa, hala nola droneak.
    • Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa ez betetzea.
  • Sistema judizial arruntean konfiantzarik ez izateak, salaketak jartzea eragozten duelako, zigorgabetasun-maila handiak eta salaketen azpierregistroa eraginez.
  • Haurrak eta nerabeen erreklutatzeagatik (besteak beste, sare sozialak eta beste engainu- estrategia batzuk erabiliz).
  • Sexu-indarkeria eta salerosketagatik, emakumeen eta neskatoen gorputzen eta bizitzen gaineko eraginetatik harago, gizarte-ehuna hausteko eta komunitateak kontrolatzeko estrategiak dira.
  • Enpresa multinazionalak eta sektore pribatua indarkeriak sortzeko eragile gisa inplikatzeagatik. Bereziki kezkagarria da Cajibíoko (Cauca) Smurfitt Westrocken kasua, iturri hidrikoetan, biodibertsitatean eta nekazarien komunitateen aurkako metodo estrajudizialen erabileran izandako eraginengatik.
  • Gobernuak bultzatutako Bake Totalaren politikak dituen erronka ugariengatik (nahiz eta erakundeek eta komunitateek gatazkaren irtenbide negoziatuaren alde daudela argi adierazi duten):
    • Lurralde-hedapena.
    • Komunitateen proposamenak txertatzeko partaidetza-mekanismoak.
    • Esparru juridikoa eta metodologia.
    • Legez kanpoko talde armatuei, hala nola Ejército Gaitanista de Colombia-ri (EGC), estatus politikoa ematearen ondorioak.
    • Lurraldeetan indarkeriak eragile izaten jarraitzen duten eragileekin elkarrizketa- espazioak mantentzea.
    • Negoziazio-mahaietan parte hartzen duten liderrentzako segurtasun-protokoloak diseinatzea.
    • Segurtasun-ikuspegi bat aplikatzea, lurraldeetan garapen-gakoak dituen ikuspegi integralago baten kaltetan.

Horrek guztiak, beste ondorio larri batzuen artean, eragin handia du komunitateen osasun mentalean, eta eragin fisikoak ditu, presioa somatizatzearen, estresaren eta indarkeria-testuinguru horietan bizitzeko beldurraren ondorioz.

Azkenik, kezkatuta gaude herrialdean aurten egongo den hauteskunde-garaian indarkeriak areagotuko direla aurreikusten dugulako.

GOMENDATZEN DUGU:
  • Gobernantza-eredu inklusiboa indartzea, lurraldeetan presentzia handiagoa izateko, garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren bidez, etnia- eta genero-ikuspegiarekin.
  • Erakundeen arteko koordinazioa indartzea, giza eskubideak errespetatu, babestu eta gauzatzeko.
  • Arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileak babesteko politika publikoan prebentzio-ikuspegia ezartzea, bai eta egungo tresnak mantentzea eta hobetzea ere.
  • Talde etnikoen berezko babes-mekanismoak eta lurralde-kontrola hobetzea: guardia indigenak, guardia zimarroiak eta guardia nekazariak, bai eta beren antolaketa- moduak eta gobernu propioak aitortzea eta errespetatzea ere.
  • Komunitateek elkarrizketa-mahaietan eraginkortasunez parte hartzen dutela bermatzea, beren proposamenak txertatuz.
  • Mahai humanitarioen esparruan elkarrizketetan parte hartzen duten liderrak kriminalizatzea eta auzipetzea saihestea.
  • 2016an Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-EPren arteko Bake Akordioaren esparruan hartutako konpromisoak betetzea. Hala ere, agintaldi honetan egindako bultzada eta aurrerapenak aitortzen ditugu. Esparru horretan, Bakerako Sistema Integralari babes politikoa eta baliabide nahikoak ematea.
  • Salaketa-bide seguruak eta biktimei erreparazioa emateko ikerketa- eta zehapen- prozesuak garatuko dituen sistema judizial eraginkorra bermatzea.
KONPROMISOAK:

Euskal Ordezkaritzak konpromisoa erakusten du Giza Eskubideen eta Bakearen defentsarekin, NARE (Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa) indartuz eta EAEko gizarte-erakunde eta -antolakundeek bultzatutako beste laguntza- eta elkartasun-tresna batzuen bidez.

Adierazten du prest dagoela Kolonbiako erakundeekin elkarrizketarako eta lankidetzarako guneak izaten jarraitzeko eta egunero herri baketsu batean gizarte- ingurumen- eta genero-justiziarekin bizitzearen aldeko apustua egiten duten erakundeei, komunitateei eta kolektiboei laguntzen jarraitzeko.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat