Ekialde Hurbileko erasoen berehalako amaiera eskatzen dugu, eta mundu mailako krisi humanitario handi batez ohartarazten dugu

Israelgo aire-erasoetatik ihesi doazen milaka pertsona Libanotik iristen dira Siriara. / © UNHCR/Ayham Al Kady
  • Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak krisi humanitario larri baten arriskuaz ohartarazi du, eta Nazioarteko Zuzenbidea errespetatzea, biztanleria zibila babestea eta gatazkari irtenbide diplomatikoa ematea eskatu du.
  • Amerikako Estatu Batuen eta Israelen erasoak berehala eteteko eskatu du, eta Ekialde Hurbileko eskalada militarrak gizakiengan, ekonomian eta ingurumenean dituen ondorio larriez ohartarazi du.

Jatorrizko adierazpena Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundearen webgunean.

AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako oldarraldiaren eta Libanon eta Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetara hedatutako erasoen aurrean, Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak (giza eskubideekin, laguntza humanitarioarekin, planetaren babesarekin eta justizia globalarekin konpromisoa duten erakundeak biltzen dituen plataforma) erabateko kezka eta gaitzespen irmoa adierazi du erasoaldiarekiko, baita gatazka eskualde mailan hedatu izanarekiko ere.

Koordinakundeak premiaz dei egiten die nazioarteko komunitateari eta parte hartzen duten eragile guztiei liskarrak berehala bertan behera utz ditzaten, Nazioarteko Zuzenbidea errespeta dezaten, biztanleria zibilaren babesa berma dezaten eta bakearen aldeko apustu irmoa egin dezaten eskura dauden bide diplomatiko guztien bidez.

Nazio Batuen arau horiek ez dira hautazkoak: pertsonak babesteko eta gaur egun Ekialde Hurbilean bizi den eskalada saihesteko daude.

Mundu osoan gatazkak eta tentsio geopolitikoak areagotzen ari diren une honetan, alde guztiek errespetatu behar dituzte Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta giza eskubideak, beti eta maila berean. Funtsezkoa da Nazio Batuen Gutunean eta Nazioarteko Zuzenbidean jasotako nazioarteko arauak defendatzea, oinarrizko printzipioak ezartzen baitituzte, hala nola subiranotasuna errespetatzea, lurralde osotasuna eta indarraren erabilera edo mehatxua debekatzea. Arau horiek ez dira hautazkoak: pertsonak babesteko eta gaur egun Ekialde Hurbilean bizi den eskalada saihesteko daude.

Nazioarteko Zuzenbideak gai larriei —hala nola segurtasunerako mehatxuei, delinkuentzia transnazionalari edo energia nuklearrarekin lotutako eztabaidei— heltzeko baliabideak eskaintzen ditu, mekanismo multilateralen, ikerketa independenteen eta auzitegi eskudunetako prozesuen bidez. Tresna horiek erabili egin behar dira. Eskalada militarrak ezin du inoiz zuzenbidea, diplomazia edo kontuak ematea ordezkatu.

Ondorio globalak dituen eskalada

Beligerantziaren goranzko joerak eta gastu militarraren aurrekaririk gabeko gorakadak segurtasun gabezia globala baino ez dute handituko. Gainera, gatazkaren ondorioz energia-krisia eta prezioen igoera esponentziala luzatzen badira, ondorio ekonomikoak izugarriak izango dira planeta osoko bizi baldintza eta baliabideei dagokienez; eta horrek modu kezkagarrian eragingo die populazio ahulenei.

Eskualdeko ehunka milioi pertsonen bizitzak arriskuan daude eta krisi humanitarioa nabarmen larriagotu daiteke

Gatazkaren ingurumen dimentsioa ere kezkagarria da. Irango energia nuklearreko egituren aurkako erasoak irismen handiko istripu nuklearra eragin lezake, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi duenez. Izan ere, petrolio instalazio zibilen aurkako erasoek euri azidoa eragin dute Teheranen.

Inpaktu humanitario larria

Eskualdeko ehunka milioi pertsonen bizitzak arriskuan daude, eta krisi humanitarioa nabarmen larriagotu daiteke, bertako biztanleria zibil gehienari eragiten dieten desparekotasunak, pobrezia eta nahitaezko desplazamenduak areagotuz, batez ere Libanon eta Palestinan.

Iranen, 1.300 pertsona baino gehiago hil eta 17.000 zauritu dituzte erasoen ondorioz. Gertakari larrienen artean, nabarmentzekoa da Shajareh Tayyebeh lehen hezkuntzako eskolaren bonbardaketa, Minaben (Irango hegoaldean). 170 pertsona hil zituzten, tartean umeak eta irakasleak.

Libanon, 800.000 pertsona baino gehiagoren nahitaezko desplazamendua, 634 hildako eta 1.500 zauritu baino gehiago eragin dituzte Israelen erasoek. Biztanleria zibilaren gaineko eragina eskualdeko beste herrialde batzuetara ere hedatzen da, ehunka zauritu eta dozenaka hildakorekin. Gogorarazten dugu testuinguru horietan haurrak, nerabeak, emakumeak eta desplazatutako pertsonak direla indarkeriaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak.

Lehentasuna: deseskalatzea eta biztanleria zibila babestea

Berehalako lehentasuna izan behar da deseskalatzea, liskarrak etetea eta biztanleria zibila eraginkortasunez babestea, bide diplomatikoen bidez. Eragile guztiek indarkeria, ezegonkortasuna edo giza sufrimendua ez areagotzeko neurriak hartu behar dituzte.

Eskolak, ospitaleak eta bestelako azpiegitura zibilak ezin dira erasoen helburu izan. Ezinbestekoa da sarbide humanitarioa eta erantzun humanitarioaren lehen lerroan lan egiten dutenen babesa bermatzea; kasu askotan gizarte zibileko tokiko erakundeen pertsonak dira.

Ezerk ez du justifikatzen alde bakarreko esku-hartze armatua

Ukaezina da Irango erregimenak defizit demokratiko larriak eta giza eskubideen urraketak dituela, bereziki genero berdintasunaren arloan. Azken hilabeteetan, gainera, herritarren protesten errepresio gogorra gertatu da, Amnistia Internazionala bezalako nazioarteko erakundeek salatutako legez kanpoko hilketa masiboekin.

Ezerk ez du justifikatzen AEBen eta Israelen alde bakarreko esku-hartze armatua. Nazioarteko komunitateak dauden mekanismoak erabili behar ditu —tartean, nagusiki, Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua— nazioarteko bakearen eta segurtasunaren aurkako mehatxuak konpontzeko.

Nazioarteko komunitateak dauden mekanismoak erabili behar ditu nazioarteko bakearen eta segurtasunaren aurkako mehatxuak konpontzeko.

Deia nazioarteko komunitateari, Espainiako Gobernuari eta gizarteari

Horregatik guztiagatik, munduko hainbat lekutako gizarte zibilaren aldarria aintzat hartuta, Koordinakundeak dei egiten du:

  • Eskalada militarrean inplikatutako alderdi guztiek eta eragina duten eragileek liskarrak berehala bertan behera utz ditzaten, Nazioarteko Zuzenbidea erabat errespeta dezaten —bereizketaren, proportzionaltasunaren eta arretaren printzipioak barne—, eraso gehiagorik egin ez dezaten eta beren lidergoa froga dezaten, tentsioa murrizteko eta diplomaziaren bidez bakerako bide bat aurkitzeko.
  • Estatu guztiek, batez ere Espainiako Gobernuak, Nazio Batuen Gutuna eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa modu zorrotz eta koherentean errespeta ditzaten, biztanleria zibilaren babesari lehentasuna eman diezaioten, armagabetze nuklearrarekin lerrokatutako nazioarteko aliantzak bultza ditzaten, eta liskarrak eteteko eta bakea bultzatzeko ahalegin diplomatikoak premiaz babes ditzaten.
  • Espainiako Estatuak, Gobernuak eta indar politikoek bete ditzaten Palestinari buruz 2024an Kongresuan onartutako legez besteko proposamenean jasotako eskaerak: su-eten iraunkorra, sarbide humanitario nahikoa eta iraunkorra, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzea, Israelekin armen merkataritza amaitzea eta irtenbide negoziatu bat sustatzea. Arma Nuklearren Debekuari buruzko Tratatua (TPAN) berrestea ere eskatzen dugu.
  • Kazetaritzako profesionalek, une bereziki konplexuan, Nazioarteko Zuzenbidea defendatuko duen kazetaritza informatu eta baketsuarekin konpromiso sendoa dutela ziurtatu behar dute, gerra justifikatzen duten kontakizunak (herrialde mehatxatzaileak, prebentziozko erasoak, eta abar) modu akritikoan errepikatzea saihestuz. Gatazka armatuak deseskalatzen eta indarkeria prebenitzen lagundu behar dute, beharrezko baliabide eta babes guztiak bilatuz.
  • Gizarte zibilak informazioa kontrastatu behar du, desinformazioak eta diskurtso beligeranteek markatutako testuinguru batean; kritikoa izan behar du, gerra irtenbide bakartzat ez onartzeko, eta subjektu aktiboa izan behar du, diplomazia, bakea eta gizarte-kohesioa sustatzeko. Hain une konplexuan, beharrezkoa da bakearen eta justizia globalaren aldeko mobilizazioetan aktiboki parte hartzea.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat