- Azaroaren 10etik 16ra bitartean, Aguraingo Elkartasun Astea ospatzen ari da, Gorroto diskurtsorik? Ez, eskerrik asko! lelopean.
- Azaroaren 11n, asteartean, gorroto diskurtsoei aurre egiteko hainbat esperientzia bildu dira solasaldi batean, Lilian Hernández (El Salvador), ZAS! zurrumurruen aurkako sarea, Alboan eta Fernando Sánchez Aranaz kazetariarekin.
- Gainera, aste osoan zehar, bi erakusketa bisitatu ahal izango dira Zabalarten bertan: Afrika (bir)kontatzen (Munduko Medikuak) eta Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak (Nazioarteko Elkartasuna).
Azaroaren 10etik 16ra bitartean, lankidetzak eta elkartasunak hitzordua dute berriz ere Arabako Lautadan, Aguraingo Elkartasun Astearen edizio berri bati esker. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatzen du urtero, Aguraingo Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin elkarlanean.
Arabako GGKEen urteroko ekitaldia gorroto diskurtsoen gaia jorratzen ari da aurten, azaroaren 20an Gasteiz en Conexión jardunaldiaren X. edizioaren ildo beretik.
«Autoritarismoen eta eskuin muturraren gorakadaren ondorioz gorrotoa estrategia politiko gisa erabiltzea normalizatzen ari da, antifeminismoa, arrazismoa, xenofobia, LGTBI+fobia… sustatuz», ohartarazi dute Koordinakundetik. «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan, institutuetako ateetan eta, bereziki, sare sozialetan daude». 2024an, gorroto delituekin lotutako 22 arau-hauste penal erregistratu ziren Araban, baina Euskadiko GGKEen Koordinakundeak azpimarratu duenez, «askoz gehiago dira salatzen ez diren diskurtsoak eta erasoak».
Solasaldia: gorroto diskurtsoei eurre egiteko esperientziak
Aurten ere, Aguraingo Elkartasun Astearen jarduera nagusia solasaldi bat izan da. Oraingoan, Fernando Sánchez Aranaz historialari, idazle eta kazetariak moderatu du, azaroaren 11n, asteartean, Zabalarten.
Mahai-inguruak gorroto diskurtsoei aurre egiteko esperientziak ikusarazteko eta ezagutzeko balio izan du, maila lokalean zein nazioartean egindako lanetik abiatuta. Zergatik gorroto diskurtsoak aurrera egiten ari dira? Nola eragiten diete giza eskubideei? Eta nola egin aurre diskurtso horiei?
Horiek izan dira jorratutako gaietako batzuk, hainbat hizlariren eskutik:
- Lilian Hernández, El Salvadorko psikologoa eta sindikalista, indarkeria matxistetan aditua. Esperientzia handia du emakumeekin, indarkeriaren biktimekin eta familia barruko indarkeria erabiltzen duten gizonekin. Gaur egun, hainbat kargu ditu Emakumearen Garapenerako El Salvadorko Institutuko Langileen Batasun Sindikalean (USTTISDEMU) eta Langile Klasearen Defentsarako Batasun Nazionalean (UNT).
- Bárbara Martínez Ábalos, Bitartean Jolasean elkartearen izenean. Elkarteak Oionen du egoitza, eta hamabost urte baino gehiago daramatza (2008tik) lanean Arabako Errioxan bizikidetza eta kultura aniztasuna bultzatzeko; 2016tik, ZAS! zurrumurruen aurkako sareko batzordeko kide da.
- Ainhoa Armentia eta Ruba Hassan, Alboan GGKEko teknikariak. Erakundeak gizarte eta ingurumen justiziarekin eta genero ekitatearekin konprometitutako herritartasun globala eraikitzearen alde lan egiten du.














Afrikari buruzko bi erakusketa
Gainera, aste osoan zehar, astelehenetik igandera, Afrikari buruzko bi erakusketa bisitatu ahal izango dira Zabalarten, Arabako bi GGKEren eskutik.
Alde batetik, Afrikan murgiltzen: Afrika (bir)kontatzen erakusketa. Munduko Medikuak erakundeak sortu du, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako bigarren hezkuntzako ikasleekin batera. Afrikako lurraldeetako errealitateak hurbildu nahi dizkie herritarrei, «ikuspegi afrozentriko batetik», panel batzuen bidez hainbat eremu profesional eta sozialetan erreferenteak diren afrikarrak ikusaraziz.
Zer dakigu benetan Afrikari buruz? Zer kontatu digute? Eta zer istorio isilarazi dituzte? Munduko Medikuak elkarteak azaldu duenez, «bada imajinario bat Afrikako kontinentearen inguruan argazki partzialak, uniformeak eta negatiboak hartzen dituena, errealitatea osatu gabe ikastea dakarrena, eta estereotipoak iraunarazten dituena; horrek aurreiritzietatik harremantzera garamatza, jarrera diskriminatzaileak erreproduzituz».




Erakusketaren helburua da, hain zuzen ere, «estereotipoak zalantzan jartzea, ezkutuko narratibak aurkitzea eta Afrikako lurraldeen ekarpena zein aberastasun historiko eta garaikideak ospatzea». Gainera, erakusketa collage teknikaren bidez egina dago: «Tresna artistiko bezain aldarrikatzailea da; moztu eta itsatsi, berrasmatu eta balioesteko, eta, batez ere, ustez ezagutzen dugun munduari beste zentzu bat emateko aukera ematen digu», gaineratu dute.
Bestalde, Nazioarteko Elkartasuna erakundearen eskutik, Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak erakusketak euskal herritarrak sentsibilizatu nahi ditu, gatazka egoeretan bizi diren Kamerungo emakumeen errealitatera hurbilduz.
Testigantza grafikoen bidez, emakumeek beren komunitateetan, bakearen, erresistentziaren eta giza eskubideen defentsan, eragile aktibo gisa duten funtsezko zereginari buruzko ibilbide bisual kritikoa proposatzen du erakusketak, indarkeria eta gatazka testuinguruetan tradizionalki ematen zaien rol pasibotik haratago.






Erakusketak sei panel ditu, eta Kamerungo lau emakumeren testigantzak aurkezten ditu, haien arteko loturak kontuan hartuz egituratuta. Erakusketaren eduki grafikoa jatorrizko hainbat ilustraziok osatzen dute, emakume protagonisten benetako testigantzetan inspiratuta, haien pribatutasuna eta segurtasuna ziurtatuz.



