- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak 3395. kilometroan hartu du Korrikaren lekukoa, Boluetan (Bilbo), Munduan zehar ere euskararen alde! zioen pankarta batekin.
- Horrela, euskararekiko gure konpromisoa erakutsi nahi izan dugu, gure hizkuntza ikastea bultzatuz eta normalizazioa defendatuz, baita nazioarteko lankidetzaren sektorean ere.
- Gure herriaren euskalduntzea aldarrikatzeaz gain, munduko hizkuntza gutxituen biziberritzea babesten dugu.
24. KORRIKAk 2.175 km eta 3.436 lekuko-hartze egin ditu Euskal Herrian zehar, martxoaren 19tik 29ra bitartean Atharratze eta Bilbo lotuz. Hori guztia euskararen aldeko kontzientzia bultzatzeko eta AEK euskaltegientzako dirua biltzeko.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kideok, 2024ko edizioan Donostian egin genuen bezala, aurten berriz ere parte hartu dugu. Oraingoan Bilbon, igande honetan, martxoaren 29an, goizeko 10:27an, Korrikaren azken egunean. Gure sareko GGKE bazkideetako hainbat ordezkarik 3395. kilometroan hartu dute lekukoa, Bilbo-Galdakao errepideko 6. zenbakian (Metro Alde eraikinaren parean), Boluetan.
Euskara gure hizkuntza da, eta Koordinakundeko kideak euskara erabiltzera eta ikastera animatu nahi ditugu.
Gainera, Korrikaren kilometroa erosita, Euskal Herriaren euskalduntzean gure aletxoa jarri nahi izan dugu, AEKrentzako diru-bilketa babestuz.
Halaber, Bilboko kaleetan munduko aldarrikapenak, euskal lankidetzaren lana eta GGKEen batasuna ikusarazteko aukera paregabea da. Ikerketek hala diote: Korrika indar emozional handia duen eta mezu zein sinbolo positiboen inguruan garatzen den mugimendu kolektiboa da. Garaiotan ez da gutxi, ezta?
Bestalde, ezin dugu ahaztu garapenerako nazioarteko lankidetzaren sektoreak proiektuak bultzatzen dituela herrialde pobretuetan, besteak beste, osasuna, hezkuntza, berdintasuna eta, oro har, giza eskubideak bermatzeko. Baina, horrez gain, Koordinakundeko hainbat GGKEk munduko hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuak eta ekimenak sustatzen dituzte ere, komunitate minorizatuekin elkarlanean, euskararen ibilbidetik eta esperientziatik abiatuta. Hain zuzen ere, jarduera horri hizkuntza-lankidetza deitzen zaio.


















Euskara Gunea
Koordinakundearen Euskara Gunea euskara sustatzeko eta erakundearen barnean euskararen erabilera bultzatzeko ardura duen lantaldea da.
2023an, Koordinakundeak Euskara Plana landu zuen, eta Euskara Gunea gutxienez urtean behin biltzen da planaren jarraipena eta proposamenak egiteko. Bai Euskarari ziurtagiria dugu, Euskaraldian parte hartu dugu… Gainera, Koordinakundearen webgunean euskarari lotutako hainbat informazio eskuratu daiteke, Lankidetzan Euskaraz atalean: euskara maila ezagutzeko eta hobetzeko baliabideak, tresna lagungarriak, zuzentzaile, itzultzaile eta hiztegiak, euskara ikasteko baliabideak, diru laguntza deialdiak…
2023an eta 2024an, Koordinakundean parte hartzen duten pertsonen euskara maila ezagutzeko inkesta egin genuen… GGKEak ere «euskara gara» eta. 68 pertsonak erantzun zioten inkestari: %69 erabiltzaile aurreratuak ziren, eta euskara batere ez dakitenak ere badaude.
2024an, Nazioarteko Lankidetza Hiztegia egin genuen, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz.
2025ean, euskararen erabilera ez-sexistaren eta itzultzaile automatiko eta neuronalen inguruko prestakuntza saioa egin genuen.
Eta orain, 2026an, Korrikaren 24. edizioan parte hartu dugu.




