2018an 30 urte bete ditu Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, euskal lankidetza politikek bezala.
1988an, garapenerako 11 GKEek Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea osatu zuten. Helburua modu koordinatuan aritzea zen, hausnarketa eta eztabaidaren bitartez, jarduera koherente zein eraginkorragoak bultzatuz. Garai hartan, euskal gizarteak eskatuta eta akuilatuta, erakunde publikoak garapenerako lankidetzara aurrekontua bideratzen hasi ziren, baita helburu horrekin euren politika eta esku-hartze propioak diseinatzera ere. Helburu bakarra beraz, inor bazterrean uzten duen eredutik haratago, milaka kilometrotara bizi diren milaka pertsonek ere, bizitza duina izan zezaten.
Egun, 80 erakundeek osatzen dute gure sarea eta elkarrekin kalitatezko garapenerako lankidetza sustatzea eta gizartearen eraldaketan eta elkartasun kultura bultzatzen laguntzen dugu, baita pobrezia eta desberdintasunak sortzen dituzten egiturak aldatzen ere.
2018an, Euskadiko lankidetza-politikek 30 urte betetzen dituzte ere. Orain dela hiru hamarkada, gizarte moduan konpromiso bat hartu genuen eta Euskaditik gure mugetatik urrun gertatzen zenari ere arreta jarri behar geniola erabaki genuen, inoren minari ezin geniola entzungor egin, hain zuzen ere.
Aurrean erronka asko izan arren, asko dira lortutako aurrerapausoak ere. Gure inguruan gertatzen dena loturik dagoela munduko beste leku batzuetan gertatzen denarekin ikasi dugu. Baita pertsona batzuk oparotasunean eta gehiegikerian bizitzeko, beste batzuk eskasian eta pobrezian bizi behar direla ere, horren ondorioak jasan beharrean. Emakumeek eta gizonek ez badituzte eskubide, aukera eta beren bizitzei buruz erabakitzeko ahalmen berak, ezingo dugula gure gizartea aldatu ulertu dugu. Lankidetza ez dela euro eta aurrekontu hutsetara mugatzen jakin izan dugu, politika publikoen atzean pertsonak gaudela, eskolara joateko premia, osasun zerbitzuak eskuratzeko, edateko ura izateko eta bizitza zoriontsua eta indarkeriarik gabea bizitzeko eskubidea eta beharra dugun pertsonak, hain zuzen ere. Pertsona bakar bat ere ez dela legez kanpokoa, legez kanpokoak pobrezia eta desorekak eragiten dituzten kausak direla berretzi dugu. Justizia eta elkartasuna mundua aldatzeko giltzarriak dira.
Erakunde publikoek, garapenerako GKEek eta herritarrek elkarrekin egindako ibilbideak utzitako aztarna ezabaezina da. Hori dela eta, 2018an zenbait ekimen egingo ditugu 30 urte aztarna uzten lelopean.