Gasteizko lankidetzaren 30. urteurrena omentzeko muralaren inaugurazioa.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Gasteizko Udalak Ariznabarreko polikiroldegian mural bat inauguratu dute 2019ko otsailaren 19an garapenerako lankidetzarekiko konpromisoaren 30. urteurrena ospatzeko.
Alkate Gorka Urtaranek, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek eta alkate ohi José Angel Cuerdak egindako mural berria inauguratu dute, ordezkari politikoekin eta beste erakunde eta elkarteetako ordezkariekin batera; Gasteizek garapenerako lankidetzarekin hartutako konpromisoa gogorarazten du horma-irudiak, hiria aitzindaria izan baitzen alor horretan. Izan ere, 2018an bete zituzten 30 urte bai Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bai Gasteizko Udalaren lankidetzak, 1988an onetsi baitzuen lehen aldiz aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzea. Fill in Culture taldeak landu du urteurren bikoitza ospatzeko murala.
Programa eta proiektu askoren bitartez, 30 urte horiek aztarna utzi dute beren bizi-baldintzak eta ahalmenak hobetuta ikusi dituzten pertsonengan eta komunitateetan, giza eskubideen defentsan, eta euskal gizartearen elkartasunean. “Oraindik ere, Gasteizko Udalak lankidetza hirian garatutako elkartasun politiken luzapena dela uste izaten jarraitzen du, eta bere egitekoa José Ángel Cuerda alkateak definitutako bera izaten jarraitzen duela: elkartasunaren kultura sustatzea, lankidetzara baliabide ekonomikoak bideratzea, eta erakundearen beraren eta udalerriaren ahalmenak lankidetza-proiektu eta programetarako erabiltzea. 30 urtez, erakundeok zein GGKEak lankidetzan aritzeko modua hobetzen ahalegindu gara. Gasteizko Udalak garrantzitsutzat jo du proiektu puntualetatik jarraipena duten proiektuetara igarotzea, ebaluazioa baliatzea ikasteko tresna gisa, hiriko biztanleen eta taldeen benetako inplikazioa lortzea proiektuetan, eta hegoaldeko erakunde lokalekin batera aritzea, dela Euskal Fondoaren bitartez, dela zuzenean. Pozik gaude, halaber, udal sailek kooperazioan izandako inplikazio teknikoaz, bereziki AMVISAk uraren alorrean egindakoaz, baita beste udal zerbitzu batzuek landutako garapenerako lankidetzaren inguruko hezkuntza-programez ere”, nabarmendu du alkateak.
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek ere hitz egin du; koordinakundeak nazioarteko lankidetzaren alorrean diharduten 79 GKE batzen ditu, eta horietako 31k badute presentziarik Araban. Zehazki, hau adierazi du: “Geroztik, hiri honek era eredugarrian erakutsi du nola arlo lokaletik, konpromisoa hartuz eta epe luzera begira, gure gizartea aldatzen lagundu daitekeen eta, aldi berean, nola eman dakiekeen sostengu giza eskubideak eta garapen jasangarria aldezteko ekimenei hain gertuko ez diren lekuetan —Afrika, Latinoamerika edo Asia— eta ahultasun handiko egoeretan”.
Haren hitzetan, "mundu interkonektatu batean bizi gara, non leku batean egindakoak eta erabakitakoak eragin zuzena baitu milaka kilometrotara. Mundu globalizatu batean, non milioika pertsonak ezin baitute oraindik bizitza duin batez gozatu. Etengabe kargu hartzen digun mundua da, ez dezagun inor atzean utz. Mundu horretan inoiz baino beharrezkoagoak dira euskal kooperazioaren hogeita hamar urte hauek posible egin dituztenen antzeko pertsona eta ekimenak. Hori guztia dela eta, inoiz baino premiazkoagoak dira lankidetza-politika konprometituak, solidarioak eta koherenteak ”, erantsi du. "Euskadiko elkartasuneko 30 urte hauek erakusten dute erakundeen, garapenerako GKEen eta gizartearen arteko lankidetza eta adostasunerako borondatea izanez gero posible dela estatuko buru izatea lankidetzaren alorrean. Eskerrik asko elkarteei, herritarrei eta erakundeei lankidetzarekin, giza eskubideekin eta pertsona ororekin erakutsi duzuen konpromisoagatik”, amaitu du Marroquínek.
Euskal lankidetza, dirua baino gehiago
Euskal kooperazioak ezaugarri propioak ditu eta ospe handia du estatuan, haren jaiotza goiztiarragatik eta izan duen eboluzioagatik, bideratzen dituen baliabideen ugaritasunagatik, eta esku-hartzeen kalitate eta eraginagatik. Erreferentea da genero berdintasunaren sustapenean, eta asistentzialismoa saihesten saiatu da, giza eskubideetan oinarritutako lankidetzaren alde eginez, beti eskuzabaltasunez eta doan, diru-transferentzia hutsera mugatu gabe. Epe luzera jokatzen du, Euskadiren eta herrialde pobretuen arteko lanaren bitartez, giza garapen jasangarria eragozten duten oztopoak desagerrarazteko. Izan ere, pobrezia eta ezberdintasunak ez dira berez sortzen, salatu beharreko kausak dituzte atzean, eta horiei aurre egiteko modu bat lankidetza da.
Gainera, euskal herritarrak sentsibilizatzen ditu, haien kontzientzia kritikoa handitzeko eta gure inguru hurbilena eraldatuz aldaketa globalak lortzen laguntzeko.
Lankidetza euroak eta aurrekontuak baino gehiago da; izan ere, herrialde pobretuetan bizi diren eta pobrezia eta desberdinkeria pairatzen dituzten milaka pertsonaren funtsezko eskubideak bermatzen laguntzen du (hezkuntza, osasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, ura eta saneamendua izatea, gosearen aurkako borroka...). Gure ingurune hurbilena eraldatzen ere laguntzen du, maila handiagoko aldaketak lortzearren.