AZAL ORRIA

Maiatzaren 31ko goizaldean izandako gertakari odoltsuen aurrean

MEWANDO - Palestinaren Elkartasunerako Sareak bere elkartasuna agertu nahi dio herri palestinarrari eta Askatasuneko Ontziteriako kide guztiei.

Maiatzaren 31ko goizaldean Israelgo armadak armekin eraso zituen Askatasuneko Ontziteriako itsasontziak, jada ezagutzen ditugun ondorio odoltsuekin. Askatasuneko Ontziteriak helburu bakarra zeukan: Gazako setioa modu baketsuan hautsi eta giza laguntza eramatea legez kanpoko okupazio bidegabe baten azpian bizi den herri bati, nazioarteko legeriak herri okupatutzat hartzen duenari.

Erasoa nazioarteko uretan gertatu denez, eta Israelgo Defentsa ministroak zuzenean agindutako operazioa izan denez, baldintza guztiak betetzen ditu Estatu krimena bezala hartua izateko.

Askatasuneko Ontziteria (Freedom Flotilla) ekimena Turkiako IHH (Insani Yardim Vakfi) fundazio humanitarioak, Gazako Setioa Bukatzeko Europako Kanpainak (ECESG), Greziako Kanpainak, Suediako Gazarako Itsasontzia ekimenak eta Free Gaza Movement mugimenduak antolatu dute. Israelgo armadak Gazaren aurka ezarrita daukan itsas setioa hausteko gaur arte antolatu den ekintza koordinatu handiena da hau.

Nazioarteko uretatik nabigatzen zuen espedizioan 60 nazionalitateko 750 lagun inguru zihoazen, era guztietako lanbidetakoak (kazetariak, parlamentariak, ekintzaileak).

Ekimenean parte hartzen zuten ehunka ekintzaileez gain, itsasontziek 10.000 tona hornigai garraiatzen zituzte: osasun gaiak, eraikuntzako materialak, eskoletarako gaiak, elbarrientzako 500 ibilgailu elektriko eta 100 etxe aurrefabrikatu, Israelgo armadaren 2009ko urtarrileko erasoaren ondorioz etxea galdutako gazatarrei emateko; 2009ko erasoan 1400 palestinar baino gehiago hil ziren.

Palestinaren Elkartasunerako Sarea den MEWANDOk gure babesa, elkartasuna eta eskerrona adierazi nahi diogu palestinar herriari eta bere aldeko ekimen guztiei, bereziki Askatasuneko Ontziteriari. Elkartasun lan horri gure eskerrona adierazteaz gain, erarik gogorrenean gaitzesten dugu Israelgo Estatuak giza eskubideak eta nazioarteko legeria urratuz burutu duen eraso militarra.

Nazioarteko komunitateari eskatzen diogu betearaz dezala Nazioarteko Zuzenbidea eta zorrozki errespetaraz ditzala Palestinako errefuxiatuen giza eskubideak presio neurriak ezarriz Israelgo Estatuari.

MEWANDO - Palestinaren Elkartasunerako Sarea

(Paz con Dignidad, Centro Cultural Palestino Biladi, Bakea eta Elkartasuna,

Mundubat eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea)

 

Posizionamendua ikusi