EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA

30. urteurrena

2018an, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak 30 urte bete zituen, euskal lankidetza politikekin batera. Duela hiru hamarkada, gizarte gisa, konpromiso bat hartu genuen gure gain, eta erabaki genuen Euskaditik arreta jarri behar geniola gure mugetatik urrun gertatzen zenari, besteren minari ezin geniola entzungor egin. Ezagutzen dituzun zenbait pertsonak urteurren hau ospatu nahi izan zuten. Zorionak!

30 aniversario de la Coordinadora de ONGD de Euskadi

Ekintza hunkigarriez betetako urtea izan zen elkarrekin egindako ibilbidea ospatzeko eta elkartasun-konpromisoa berritzeko. Horietariko batzuk nabarmentzen ditugu:

30 urte aztarna uzten ikus-entzunezko kanpaina

GGKEak euskal gizartearen, instituzio publikoen eta erakundeen beren ahalegin solidarioari esker gauzatzen ari diren zenbait proiektu erakutsi genituen:

30 urte aztarna uzten gala

30 ANIVERSARIO gala

2018ko irailaren 27an, gala bat antolatu genuen Bilboko Euskalduna Jauregian euskal lankidetza politiken eta gure erakundearen 30. urteurrena ospatzeko. Rosa María Calaf kazetaria eta Gorka Otxoa aktorea aritu ziren aurkezpen lanetan, eta Kukai dantzaren emanaldiak izan ziren.

Sofía Marroquínek, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko presidentea, eta Jonan Fernándezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, ekimena ireki zuten. Euskal erakunde publikoetako ordezkariak, alderdi politikoetakoak, GGKEak, mugimendu sozialak, bide luze honetan lagundu gaituzten lagunak, hala nola euskal gizarteko pertsonak zeuden aretoan.

Hausnarketarako denbora egon zen Eraldaketarako lankidetza mahai inguruan. Bertan, Arcadi Oliveresek, ekonomista eta giza aktibista; eta Yayo Herrerok, antropologoa eta ekofeminista, hartu zuten parte. Helena Maleno, migrazioetan eta gizakien salerosketan ikertzaile aditua, egotekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen, bere nahiaren aurkako arrazoiak izan zirela eta. Tamalez, giza eskubideen eta pertsona ahulenen defentsa zigortzen da eta. Hala ere, parte hartu zuen bideo baten bidez. Solasaldi honetan honako gai hauek jorratu ziren, besteak beste: pertsona errefuxiatuen egoera eta Europar Batasunaren papera, egungo garapen eredua eta bere ondorioak, euskal lankidetzaren konpromisoa emakume eta gizonen arteko ekitatearekin, edota bidezkoagoa eta solidarioagoa den bestelako mundu bat eraikitzeko geure esku dauden alternatibak.

Gala hau hiru hamarkadatan euskal lankidetza politikak gauzatu dituzten eragileentzako elkargune bat ere izan zen. Euren ekarpenengatik esker ona egin genien, alegia.

Lehendabizi, gertuago ditugun erakunde publikoen euskal lankidetza politiken papera aitortu genuen. Lankidetza politika hauek gizarteak eskatuta jaio ziren, eta GGKE-ekin batera elkarrekin eraikitzen joan dira.

Oroigarri kolektibo hau José Ángel Cuerdari eman genion, Gasteizko alkate ohia. Bere agintaldian, berak zuzendutako udala Estatuko lehenengoa izan zen pobrezia eta desberdintasunak ezabatzeko eta gizartea kausen hauen inguruan sentsibilizatzeko udalaren aurrekontuaren zati bat bideratzen. Horrez gain, udalaren aurrekontuaren % 0,7 lankidetzara bideratzeko konpromiso historikora iristen eta gainditzen (modu desegonkor batean hurrengo urteetan, hain zuzen ere) lehenego udala izan zen. Denis Itxasok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatua; Teresa Laespadak, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatua; eta Pilar García Salazarek, Arabako Foru Aldundiko Diputatua entregatu zioten aitorpen hau.

Bigarrenik, denbora luze honetan GGKE-ek egindako lan nekaezinari gure esker ona egin genion, euskal lankidetzaren puzzlearen zati inportantea baitira.

Zehazki, euskal GGKEok Hegoaldeko herrialdeetan ditugun erakunde kideen ekarpena gogoratu genuen, haiekin estu-estu lan egiten dugu eta. Giza eskubideen defendatzailea den Francia Elena Márquez jaso zuen esker on hau, lan egiten dugun Hegoaldeko ehunka erakunderen izenean. Baita Euskadik bertako herri eta herrialdeetatik ikasitako guzti-guztiagatik eskerrak emateko ere, bestelako errealitate batzuk ezagutzeagatik eta ortzi-mugak zabaltzeagatik. Guzti honek gure gizartea heltzea eta haztea posible egin du eta. Mugen Gainetikeko kidea den, eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen hastapenetan izandako Seve Zubirik aitorpen hau entregatu zion.

Aipamen berezia izan zuten euskal kooperanteek eta euren familiak, bereziki gurekin ez dauden horiek. Konpromiso eta inplikazio sendo batetik abiatuta lan egiten dute lankidetza proiektuetan baldintza oso zailetan. Guzti horien izenean, Perico Pérez Arrospidek eta María Elena Navallasek, Nerea Pérez Arrospideren aita eta ama, jaso zuten oroimena Setem Hego Haizeko eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko Eragin Sozial eta Politikoko taldeko kidea den Alberto Cereijoren eskuetan.

GGKE-etan boluntariotza ere omendu genuen, eraldaketa sozial honen katean funtsezko zatia baita. Sofía Marroquínek, Jesús Ochoari eman zion omenaldi hau, gure lurraldean dauden ehunka boluntarioen izenean. Bera Mugarik Gabeko Ekonomialarien bolondresa da, eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundean inplikazio handia du.

Gainera, azpimarratu genuen 1988an Euskadiko GGKE-en Koordinakundea eratu zuten 11 erakundeen papera: Medicus Mundi Bizkaia, Hegoa, Manos Unidas, Mugarik Gabe, Elizbarrutietako Misioak, Baketa eta Hirugarren Mundua (gaur Mundubat), Unicef, OPE -Osasun Publikoaren Aldeko Elkartea (gaur Osalde)-, Justicia y Paz, Amigos del Tercer Mundo, eta Alimentación y Desarme Internacional. Erakunde guzti hauen izenean esker on hau Puri Pérezek jaso zuen, Mugarik Gabe erakundekoa, eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko presidenteordea den Eneko Callek eskaini zion.

Hirugarrenik, tokian-tokiko eta mundu mailako pobreziarekin eta desberdintasunekin konprometituta dagoen euskal gizartea omendu genuen, lankidetza politika hauen 30 urte hauek betetzea gauzatu dute eta.

Esker on hau Aura Vasquezek jaso zuen, Emakumeen Mundu Martxaren parte izanik, eta gure ibilbidean laguntzen gaituzten mugimendu sozialen eta gizartearen ardatza den boluntariotza sustatzen duten erakundeen izenean. ADECO erakundeko eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko Genero taldeko kidea den Mila Dominguezek egin zion esker ona.

Halaber, komunikabideak eta euren profesionalak balioan jarri nahi izan genituen euskal lankidetzaren lana ezagutarazteko apustua egin dutelako. Oroimen hau Bego Yebra kazetariari eman genion, Itziar Hernándezen eskutik, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko Jarraibide Kodearen Jarraipen taldeko kide izandakoa.

Baina iraganera begiratzeaz gai, etorkizunera ere jo dugu. Gure gizartea eraldatzeko lanarekin bat egiteko testigantza eman genion haur talde bati. Hauek lehenengo erronka bati aurre egin behar izan zioten: aretoan zegoen jendetzari laguntzea 30. urteurren kandela itzaltzen.

30 ANIVERSARIO velas

Ahaztezina den hitzordua izan zen, non hausnarketak, emozioak, barreak, aldarrikapenak… nahastu egin ziren. Azken finean, lortutakoa balioan jartzeko, eta ilusioz aurre egiteko lankidetza arloan jadanik aurrean ditugun erronkei eta lehiei.

Gala honetan bizitakoa gogoratu nahi bazenu, hona hemen laburpen txiki hau: 

Gasteizko lankidetzaren 30. urteurrena omentzeko muralaren inaugurazioa

30 ANIVERSARIO mural

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak eta Gasteizko Udalak Ariznabarreko polikiroldegian mural bat inauguratu zuten 2019ko otsailaren 19an, garapenerako lankidetzarekiko konpromisoaren 30. urteurrena ospatzeko.

Alkate Gorka Urtaranek, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek eta alkate ohi José Angel Cuerdak mural berria inauguratu zuten, ordezkari politikoekin eta beste erakunde eta elkarteetako ordezkariekin batera. Gasteizek garapenerako lankidetzarekin hartutako konpromisoa gogorarazten du horma-irudiak, hiria aitzindaria izan baitzen alor horretan. 2018an, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak eta Gasteizko Udalaren lankidetzak 30 urte bete zituzten, 1988an udalak onetsi baitzuen lehen aldiz aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzea. Fill in Culture taldeak landu zuen urteurren bikoitza ospatzeko murala.

Euskal lankidetzaren 30. urteurrena aldizkaria

Ospakizunez beteriko urte honi amaiera emateko, aldizkari hau egin dugu. Bertan, sektore honen erronkak eta lorpen nagusienak ezagutzen ditugu, eta euskal lankidetzari aurpegia jartzen diogu, beste sorpresa batzuekin batera.

Hazte con la revista

Eta musikarekin mundua hobeto eraldatzen denez, aldizkari hau irakurri dezakezu erreprodukzio zerrenda honekin lagunduta.